Bi hilabete daramate ETBko sindikatuetako ordezkariek eta enpresa zuzendaritzak lan hitzarmena negoziatzen, baina ez dira ados jarri. Eta, azkenean, zentroarteko batzordeak greba deialdia egitea erabaki du, «aldi bateko langileen kopurua jaitsi eta langile taldearen egoerari konponbide bat eman nahian». Ostiralean, Miramongo egoitzan egingo dute greba, eta larunbatean, Bilbokoan. Deitzailea, zentroarteko batzordea, lau sindikatutako ordezkariz osatuta dago: LABeko bost, ELAko bost, KLBko bi eta CCOOko bat.
Jabi Estebanez Miramongo langile batzordeko presidente eta LAB sindikatuko kidearen arabera, «enpresak hasiera batean negozioazioetan behin-behinekotasuna arazoa dela onartu zuen, baina gero kontua luzatzen aritu dira». Hauteskunde bezperatan egingo dute greba, «enpresak mahai gainean seriotasuna jar dezan». Greba deitzaileen beste eskaera bat azpikontraten egoera konpontzea da. «Ekoiztetxeetan azpikontratazio bidez gaur egun funtzionatzen ari diren bezala ezin dugu onartu».
GUTXIENEKO ZERBITZUAK LARUNBATEAN. Sindikatuetako ordezkariak konbentzituta daude grebak jarraipen handia izango duela. Hartara, ostiralean Miramongo egoitzan egiten diren programa guztiak geldituko lituzkete. Eta larunbatean, Bilboko langileek greba eginez gero, gutxieneko zerbitzuak egongo lirateke. Bilboko egoitzan egiten dituzte ETBko albistegiak, eta grebak aurrera egiten badu, albiste motzagoak izango dira egun horretan. Enplegu Saileko Ordezkaritzak erabakiko ditu ETBko albistegietako gutxieneko zerbitzuak.
Greba deialdia egin du ETBko zentroarteko batzordeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu