Gasteizen azken hilabeteetan gertatutakoaren berri ematen dute blusa eta neska kuadrillen pankartek: Bai Centerrekin egondako liskarra, Arabako ahaldun nagusia aukeratzeko bozketan Ezker Batuak izandako jokabidea, Alavesen jabe aldaketa... Gertakizunak gertakizun, ordea,kolore batekin laburbildu dute kuadrilla askok azken hilabeteetan gertatutakoa. Green Capital 2012 (2012ko hiriburu berdea) izendapenak Andre Mari Zuria eraldatu du: Green Andre Maria da aurten.
Kritika eta ikuspuntu zirikatzailea da nagusi kuadrillen pankartetan. Askori, haiek ikusi ondoren, galdera bera bururatu zitzaien. «Tartarik ez al dute oparituko?». Blusa eta neska kuadrillen urteurrenak asko dira aurten: Los Bainas kuadrillak, 60 urte; Luken, Zoroak eta Karraxik, 30 urte; Los Alegrios kuadrillak, 10 urte... Tartarik ez zen egon, ordea. Ur pistolen tiroak, itsasgarriak eta kasuren batean aparra ere jaso zuten sari gisa zezenetarako ibilaldia ikustera joan zirenek.
Jai giroa hiriko kaleetan zabaldu zuten blusek eta neskek jaien egun handian. Santiago egunean aurrerapen txiki bat izan zuten arren, jantzia berreskuratzeko gogotsu zeuden guztiak. Basatiak kuadrillako blusa batek hiru puntutan laburbildu zuen. «Egun honek dena biltzen du: Andre Mari Zuriaren eguna, jaien hasieraren kemena eta biltzen garen blusa eta neska kopurua». Zezenetarako joate jendetsuenak dira abuztuaren bostekoak. Datozen egunetan jaietan aterako ez direnek ere jaietako uniformea jantzi zuten; 3.000k baino gehiagok egin zuten atzo Posta kaletik zezen plazarako bidea.
Otoitza eta aterkiak
Arratsalderako jaiaren ondorioen eraginpean egon arren, bestelako erritmoan hasi zuten blusa eta neska askok Gasteizko jaietako egun handia, Andre Mari Zuriaren jaien funts erlijiosoa aldarrikatu zuten milaka gasteiztarren artean. Egunsentiko Arrosarioak hirigunea zeharkatu zuen goizeko zazpietatik, eta aurten ere milaka pertsona erakarri zituen. Ohi den bezala, kuadrilletako blusek eraman zuten sorbaldan Gasteizko zaindariaren irudia.
Ordu batzuk lehenago zalaparta baino ez zegoen tokian errespetuzko isiltasuna ezarri zen. Bozgorailuetatik entzuten zen otoitzak, meza abestiak eta milaka hiritarrek ahopean egindako errezoaren marmarrak baino ez zuen ibilbide osoan nagusi zen isiltasuna eteten. Uneren batean aterkia ireki zuten arrosarioan parte hartu zutenek, baina horrek ez zituen galarazi Alde Zaharreko hainbat txoko eta elkartek egin zituzten lore eskaintzak.
Andre Mari Zuriaren plazan bukatu zen arrosarioa, plaza lepo zegoela, eta horrela egon zen egunsentiko meza iraun zuen bitartean. Plazaren mutur batean, Fernando Martinezek oilo ipurdiarekin entzun zuen meza. «Maite dut plazan gertatzen den aldaketa; Zeledonen jaitsieran eta arrosarioan plaza betetzen da, baina muturreko giroak dira. Hunkigarria da».
Meza bukatzean, fededunek etxerako bidea hartu zuten, eta beste dozenaka blusak, tabernetarako bidea. Hiriko ospitale, zahar etxe eta bestelako guneak zituzten zain goizean. Andre Mari Zuriaren egun handian jaia hedatzeko ordezkariak dira neurri handian. Horren ostean, bazkaria eta bestelako jaia hasi zuten. Alderik zirikatzaileena. Green Andre Mariaren omenezkoa.
Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak
'Green' Andre Mariaren eguna
Blusa eta neskek Gasteizko kaleak bete dituzte jaietako egun handian, eta hiriko kontuei begiratu zorrotza egin pankartetanEgunsentiko Arrosarioak eta jaien alde erlijiosoak milaka lagun erakarri dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu