Guggenheimen tripetan zehar

Artelan bat museora iristen denetik erakusten den arteko bidearen berri jakin ahal izango dute bisitariek

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Hamabost urte igaro dira Bilboko Guggenheim museoa bisitariak jasotzen hasi zenetik. Arkitektura garaikidearen ikur bilakatu da orduz geroztik, eta urtean milaka turista erakartzen ditu. Orain arte, museoko galeriak soilik zabaldu dituzte bisitarientzat, era guztietako erakusketak jarrita. Urtea amaitu bitartean, ordea, Guggenheim museoan artelanak egiten duen bidea bisitatu ahal izango da. «Bizipen berezia izango da», Juan Ignacio Bidarte museoko zuzendariaren esanetan.

Guggenheim+ izena jarri diote ekitaldiari, eta Basquetourrekin batera antolatu dute. Turismo agentzia horrek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 88 «top bizipenen» barruan sartu du proposamena, Ana Izagirre bertako zuzendariaren arabera. Museoa barrutik ezagutzeko aparteko aukera hori baliatu nahi izanez gero, 75 euro ordaindu beharko du bisitari arruntak, eta 60 euro gazteek (12-18 urte), erretiratuek eta museoaren lagunek. Bisitak, ostiral, larunbat eta igandez egingo dira, ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez, hurrenez hurren. «Egungo bisitarien jatorri linguistikoa hartu dugu kontuan bisiten hizkuntzak aukeratzeko garaian», Bidarteren esanetan. Euskaraz egiteko eskaera jasotzen badute ordea, aukera hori «aztertu» egin beharko dutela esan du.

Artelanen bidea, hasieratik

Guggenheimeko tripetan egingo diren bisita gidatuen bitartez gogoeta eragin nahi diete bisitariei, Bidarteren esanetan. «Jakitun izan daitezen, artelan bat museoan ikusteko jarri aurretik zer bide egiten duen». Horregatik, bisita zamalanak egiteko gunean hasten da, eta fasez fase museoaren barnealdea ezagutzeko aukera ematen du.

Lehenengo eta behin, artelanak museora iritsi behar du. Horretarako, itsasontziak, hegazkinak edo kamioi bereziak erabiltzen dira. Artelanak gauez iritsi ohi dira museora, eta, kasu askotan, hiriko semaforoak kendu behar izaten dira garraiatzeko erabiltzen diren kamioien altuera dela eta. Behin artelanak iritsi direla, museoak Europan puntakoa den azpiegitura dauka lanak eraikinean aurrera eta atzera garraiatzeko. 11 tonari eusteko karga-altxagailua baitaukaBilboko Guggenheimen egoitzak.

Erakusketetarako iristen diren eskultura edo koadroak, batzuetan, iritsi bezain laster jartzen dituzte bisitariek ikusteko moduan. Beste batzuetan, ordea, biltegian gordetzen dituzte. Horretarako, euskarri berezi batzuk dituzte, museoan bertan.Bilbotik 30 kilometrora beste biltegi bat daukate, dauzkaten lan guztiak ez baitira egoitzan bertan sartzen. «Hemen, gainera, lekuak balio handia dauka, eta, beraz, kanpoko biltegiak etorkizunean indar handiagoa izango du», museoko arduradunen hitzetan.

Museoko garajetik erakusleku edo biltegira iritsi aurretik, artelanei markoak jarri behar zaizkie. Horretarako, leku berezi bat daukate zamalanetarako gunetik gertu, koadroak biltegira erakusketan jartzeko moduan irits daitezen. Biltegian metatzen diren lanak, gainera, hondatu egin daitezke denborarekin. Hori gerta ez dadin, mantentze gune bat daukate. «Artelanak hondatu aurretik lantzen ditugu, ondoren behar bezala gorde daitezen».

Azkenik, koadro eta eskulturak galerietara iristen dira. Baina prozesu horretan, dena ez da horren erraza. Izan ere, artelan batzuk oso handiak izaten dira, eta horrek zaildu egiten ditu lanak. Bai garraiatzea, bai kokatzea. Baina hlako eskultura eta koadroen arazo bakarra ez da tamaina bakarrik. Pisuak ere buruhausteak eragiten ditu.

Esaterako, orain bigarren pisuan ikus daitekeen Brancusi-Serra erakusketan dagoen eskultura bati eusteko, beheko solairuan zutabe bat jarri behar izan dute. Eskulturaren beraren pisuari eutsi ahal izateko. Galeria berean, gainera, tona erdiko hamabi eskultura daude paretan zintzilik. Estruktura ikertzeko garaian, hormei ez zieten horrenbesteko pisuari eutsi ahal izateko baliabiderik jarri. Beraz, ondoren jarri diete. Eskultura horiek dauden horman altzairuzko xafla bat jarria dago, pisuari eutsi ahal izateko. «Lehen begiradan, ez da sumatzen zer-nolako neurriak hartzen diren lan batzuk ikusgai jartzeko».

Komisario lanetan

Museoaren atzeko aurpegia ezagutzeaz gain, bisita gidatu horiek egin ahal izango dutenek, artelanak erakustokietara iristeko prozesuan parte hartu ahal izango dute. Bisita taldeetan zazpi eginkizun emango dizkiete parte hartzen dutenei, bakoitzari bat. Era horretan, ikusgai jartzeko artelanak aukeratuko dituzte, eta bakoitza non jarriko lukeen esango du bisitarietako batek; beste batek, zein marko jarri eta nola; hala, lan guztiak nola egiten diren ikusi ahal izango dute.

Artelanaren bidearen berri emateaz gain, beste txoko ezezagun batzuk bisitatzeko aukera ere emango dute. Hala, Guggenheimen sabaian ibiltzeko aukera egongo da, bertatik Bilboren ikusmiraz gozatzeko. Museoaren gorenetik sotora jaisten da bisita. Han, eraikinaren baliabide guztiak neurtzeko azpiegiturak ikusiko dituzte, hala nola klimatizazioa eta argindar errekurtsoak nola kudeatzen diren.

Bisita, ezin bestela izan, Nerua jatetxean amaituko da; bertako pintxoak probatuko dituzte. Hori guztia, bi ordu eta erdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.