Nestor Salaberria. Antolatzailea

«Guk ere aurrera egiteko ziztada bat behar genuke»

Inigo Astiz
Iruñea
2012ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Pozik dago egindako lanarekin Nestor Salaberria Sortzen-Ikasbatuaz-eko Nafarroako koordinatzailea. Emaitzak sortzen dio kezka. Euriarekin espero baino jende gutxiago bildu zen Iruñeko Taconera parkean, eta galera ekonomikoak izan dituzte. Lehenengoz izan dituzte hain datu eskasak.

Pena, eguraldiarena.

Bai, baina ez zegoen gure esku. Gure esku zegoena ongi egin dugu.

Aurreikusita zenuten euriari nola egin aurre, baina, hala ere, ezin.

Gauza batzuk moldatu genituen,bertaratzen zen jendeari ahalik eta zerbitzurik onena eman ahal izateko. Aurreko urteetan baino jende gutxiago etorri zen, halere, eta lekua ere zegoen moduan zegoen. Egunero gure eskaerekin bat egiten duten milaka eta milaka pertsona horiei deia egin nahi diegu, horregatik, hurrengo urtean ere aurrera jarraitu ahal izateko. www.gurejaia.net webgunera sartu, eta hor aurkituko dituzte gu laguntzen jarraitzeko jarraibideak. Ez da erronka makala administrazioek euskara eta kalitate arloan dituzten hutsuneak betetzea eta hezkuntza sistema propioa bultzatzea.

Aurreko urteetako festetan, espero baino jende gehiago izan duzue gehien-gehienetan. Aurtengoan, galera ekonomikoak izan dira.

Horregatik egiten dugu laguntza eskaera. Esku zabalik jasoko dugu jendearen ekarpena, egunez egun hezkuntza sistema propioa eraikitzen jarraitu ahal izateko.

Azken emaitza hori izanik, zer balorazio egiten duzu igandeko festaz?

Eguraldiak kalte egin digu, baina berriozartarrak eta lanean egon ziren boluntarioak zoriondu egin behar ditugu. Primeran bete zuten beren lana, eta jendarteak lan horri erantzuteko garaia heldu da. Babesa emateko deia egin nahi dugu horregatik

Hamazazpigarren jaia izan da aurtengoa. Lehenago ere izan duzue halako emaitzarik?

Lehen urtean, adibidez, bertan behera gelditu zen jaia, baina askoz ere dimentsio txikiagoa zuen festa hark. Denborarekin, gero eta handiagoa bilakatu da ekimena, eta, jende gehiago biltzen denez, zerbitzu gehiago ere eskaini behar dira. Lehenengoz izan ditugu halako emaitzak, beraz. Inoiz egin ez dugun dei berezi hori egiten dugu horregatik.

Hurrengo urteetan aurrera jarraitzeko asmoa ez da aldatu, ordea, ezta?

Akuilu bat izan da gogorrago lan egiteko, baina guk ere ziztada bat behar genuke aurrera jarraitu ahal izateko.

Iruñeko Txantrea auzoko Bernat Etxepare ikastetxeak antolatuko du hurrengo festa. Gogoz daude?

Hainbat hilabete daramatzate jadanik lanean. Historiako jairik onena izango da. Orain artekoak bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.