Urte barri, txarri belarri, dekonak ez dekonari, nik ez dekot ta emon niri», dio antzinako abesti zahar batek. Ohitura ezaguna da gure artean urte berrirako asmo onak pentsatzea. Egin al duzu jada zure zerrenda? Sinestunek zer edo zer edukiko dute buruan, beste batzuek, alderantziz, horrelako kritikak: zergatik betetzen dira hain gutxitan urte bukaerako asmoak? Eta zer dela-eta errepikatzen dira asmoak urte batetik bestera? Kilo batzuk galduko ditut, kirola egiten hasiko naiz, ea aldarte hobea erakusten dudan aurten, dirua aurreztu nahiko nuke…
Psikologian desioak , helburuak eta proposamenak ez dira gauza bera. Gure motibazioarekin eta emozioekin lotuta daude, baina zentzu desberdinean. Desioa, izatez, grina da, barne bultzada,asmoa. Helburuak, aldiz, guraria esan nahi du. Baina gurariaz gain, gauza jakin bat da, gauzatu egin daiteke etaekintzari loturik dago. Nire desioa Txinara joatea izango litzateke, baina zaila izango da benetan hara bidaiatzea helburuak ez baditut sortzen: itsulapikoa mahai gainean jarri, astean zenbat euro gordeko ditudan erabaki , eta antzekopausoak sortu, erabaki eta bete, nire helburua egia bihur dadin.
Urte hasierako gurariak egiterakoan desioak erabiltzen ditugu, baina sarritan ikusten den akatsa hauxe da: ez dugu helburu edo proposamen txikirik jartzen, eta, beraz, bide horretatik jarraituz, desioak asmo moduan bakarrik geratzen dira. Gure asmo horiek arin eta laster ahaztu egiten ditugu. Horrela, urte batetik hurrengora intentzio berberak edukiko ditugu, baina ezinezkoa izango zaigu horrela gauzatzea, benetan gertatzea.
Osasuntsua da desioak eta helburuak izatea, baina baita euren jabe izatea ere; ezagutu eta galdetu iezaiozu zeure buruari: zer berri edo desberdin nahi dut 2012. urtean? Zerbait ikasi, jan, lehenengo aldiz egin, desberdin egin? Saiatu zaitez zure buruan, zure irudimenean, pelikula ahalik eta argiena ikusten, eta idatzi zuretzat. Idatzi eta gorde, baina ez eduki urte osoan armairu barnean. Astero-astero irakurri, eta jarraitu zeure buruari galdetzen: zergatik nahi dut desio hori betetzea? Zertarako? Aztertu berriro eta erabaki zeintzuk diren pausoz pauso sortu eta egin behar diren helburuak, zure pelikula hori bete dadin. Idatzi eta pentsatu zer gogorarazi behar diozun zeure buruari egun txarretan. Idatzi bultzada horiek, beharrezko izango dituzun oxigenoa eta indarra izango baitira. Eta astero-astero, berrikusi zure urteko plan eta asmoak. Zorion ezazu zeure burua, betetako helburuengatik. Konprobatu ezazu desioa, helburua, hurrengo proposamena eta ekimena eta ez ahaztu: non gogoa, han zangoa.
Osasuna. Aro berriak. Psikologia
Gurariak, helburuak, desioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu