Lehendabiziko ikastolak sortzen egindako lana aitortu die Ikastolen Elkarteak gurasoei, eta omenaldi beroa eskaini die Gasteizen. Josu Martitegi, Argitxu Noblia eta Mikel Erriondo izan ziren ikastolak sortzeko ezinbesteko zen hura jarri zuten guraso haietako batzuk: bihotza, eta lana.
Josu Martitegi
Seber Altube ikastola
«Sare publikoanerakutsiko dute euskara,baina ez euskaldun bizitzen»
Ezkondu, eta Gernika-Lumora joan zen bizitzen Josu Martitegi (1949, Gorozika, Bizkaia). 1977an iritsi zitzaien gurasoei eskola hautatu beharra. Seber Altube ikastola zegoen, batetik, eta Gernika ikastola, bestetik. «Niri berdin zitzaidan batera zein bestera. Emazteak eduki zuen lagun bat Gernika ikastolan andereño». Horrela iritsi zen Martitegi ikastolara, eta presidente sartu zen juntan. 200 haur ez zituzten bi eskolek batuta. «Nik ikusi nuen batu egin behar zirela ikastola biak». Lan gogorrari ekin zioten: «Urte bat guztiz gogorra pasatu nuen ikastola biak batzeko». Suertatu zen Falangeko emakume taldearentzat egindako eraikin bat hutsa zela herrian, eta hura ikastolarentzat eskatzera joan ziren Bilboko Gobernu Zibilera, «ezkontzako trajea eta gorbata jantzita». Lortu zuten eraikina; baita ikastolak batzea ere. Kooperatiba sortu zuten orduan, eta Gernika izena jarri. Zentroari, berriz, Seber Altube deitu zioten, «eta denak pozik». 1985 arte ikastolako presidente izan zen Martitegi. Bizkaiko Ikastolen Federazioan ere jardun du. 1990eko hamarkadan etorri zen bigarren aldi gogorra, ikastolak sare publikora sartzeko eztabaidarekin. Martitegi ez zen fio trantsizioa egin zen moduarekin, eta errezeloz begiratzen zion zentro publiko bihurtzeari: «Entregatu bagenu ikastola sare publikora, han desagertuko ginen, azukre koxkor bat bezala urtuta». Sare publikora pasatzea erabaki zuten ikastolei hori gertatu zaiela uste du. «Euren nortasuna guztiz galdu dute». Euskara eta euskal nortasuna transmititzeko tresna ezinbestekotzat ditu ikastolak oraindik: «Sare publikoan erakutsiko dute euskara, baina ez euskaldun bizitzen». Ikastolak sortu ziren garaia gaitza baina elkartasun handikoa izan zela deritzo. «Orduan zegoen itxaropen bat lortuko genuela geu izatea. Orain, bakoitza bere bidetik doa».
Argitxu Noblia
Angeluko ikastola
«Ikusi genuen guk ez baldin bagenituen gauzak egiten, nehork ez zituela eginen»
«Eri bat sartzen duzularik, beso osoa sartzen duzu». Esaldi horretara ekar liteke Argitxu Nobliak (1942, Angelu, Lapurdi) Seaskaren sorreran izan duen lekua. 1968an, hiru haur zituen, eta mediku ari zen lanean. «Ez nuen denborarik haiekin egoteko, haiekin mintzatzeko. Xerkatzen nuen norbait haiekin egoteko eta mintzatzeko». Donostiatik heldu zen «neska gazte bat», Libe Goñi, Nobliaren Baionako etxeko bigarren estaian hasi zen eskola-emaile, haren hiru haurrekin. «Hilabete batzuen buruan, nire haurrak hasi ziren mintzatzen, eta mintzatzen euskaraz. Baionan ez zuten ezagutzen euskara». Gehienek harrituta behatzen zieten, baina beste guraso batzuek galdegin zioten beren haurrak har zitzakeenez. Bospasei haur bildu zirelarik, Baionan beste leku bat atzeman zuten; Miarritzen gero; eta Arrangoitzen azkenik, herriko etxeak «kasik urririk» proposatu zien lokalean. 1968-1969 ikasturtean izan zen hori. 1969ko apirilean, Le centre basque de la petit enfance (haurtzaroaren euskal zentroa) deklaratu zuen suprefeturan. Manex Pagola eta Ramuntxo Kanblongen laguntzaz, horrela izan da Seaskaren sorrera. 41 urte bete ditu Seaskak. «Pentsatzen dut gauza ederra dela. Orain badira ia 30 ikastola Seaskan, eta ia 3.000 irakasle». Ez zuen pentsatu ere egiten horretara iritsiko zirela, baina 1975ean ireki zuten, Angeluko parrokiako barne batean, lehen mailako ikastola. Seaskako presidente izateari urte hartan utzi zion Nobliak; baina beti segitu du ikastolan, Manex Goienetxe senarrarekin, eta orain Angeluko ikastolan laguntzaile. «Orain akitzen naiz... baina jarraitzen dut». Haurrak ikastolara autoetan eraman, irakasleak atzeman, trebatu, dirua bildu... orotarik behar izan dute egin ikastoletako gurasoek. Beraz, normal atzematen du haiek omentzea: «Gurasorik gabe, ez zen egiterik ahal». Bide urratzaile izan dira: «Ikusi genuen guk ez baldin bagenituen gauzak egiten, nehork ez zituela eginen». Horretaz ohartzea izan da ikastolen mugimenduaren beste ekarpen handia: «Jendeak ohartu dira haiek egiten ahal dutela zerbait, ez bakarrik itxoin gobernuaren asistentzia». Aldaketa handia ekarri du horrek, «eta hori sentitu da beste sail batzuetan: gero jendeek galdegin dute unibertsitate bat, laborantza ganbera bat, beste galdera batzuk sortu dira. [Ikastolak] Anitz egin du aldaketa horren ukaiteko». Gogora ekarri du 200 urte igaroak direla Frantziak derrigorrezko eskolatzea, dena frantsesez, ezarri zuenetik. «Frantziako hizkuntza guziak ezeztatuak izan dira». Horregatik, ikastolak beharrezko direla, eta gurasoen eskuetan behar dutela uste du: «Ez da dena utzi behar publikoan; gu gara publikoa, gurasoak dira publikoa». Sei seme hazita, irriz behatzen die gibeletik heldu diren sei seme-alababitxiei, guziak euskaraz ikasten ari, eta heldu den zazpigarrenari.
Mikel Erriondo
Orereta ikastola
«Orain dela 60 urte, kalean, Errenterian, euskara galtzenari zen, baina galtzen, e!»
«Ni jaiotzetik abertzalea nintzen. Etxean kristorenak pasatu genituen. Aitak guda egin zuen, eta handik, kartzelara. Guk taberna bat genuen Errenterian, eta urtebeterako itxi ziguten». Ikusitakoak ikusita, ez da harritzekoa Mikel Erriondok (1931, Errenteria, Gipuzkoa) etorkizuna «beltz» sumatzea, 1936ko gerra oste hartan. 1963an sortu zuten apaiz batzuek Orereta ikastola. «Ikusi nuenean ikastolaren jaiotza, esan nuen: 'Hau da nire etorkizuneko plana'». Eta 30 urtez luzatu zitzaion plana Erriondori. 1964an, alaba sartu zuen ikastolan. Beste bi alabak eta semea ere han ikasitakoak ditu, eta ikastolan ikasten ari dira bere zortzi ilobak ere. Pentsaezina zena ekarri dute ikastolek: «Orain dela 60 urte, kalean, Errenterian, euskara galtzen ari zen, baina galtzen, e! Orain ez dizut esango denek euskaraz egiten dutenik, baina normal-normala da». Ikastola bost haurrekin hasi zen, eta 1.200 bat ikasle izango ditu orain. Sare publikora ere heldu da euskarazko irakaskuntza, ikastolak hazi eta prestigioa hartu duelako, Erriondoren iritziz. «Zorionez, gauza askotarako indar handia dugu». 2007an, andereñoei egin zieten omenaldia, eta laguntzaileek ere jaso dute egindako lanaren aitortza, kostata bada ere. «Baina ikastola sortu zen hiru elementurekin: gurasoak, irakasleak eta haurrak». Gurasoak omentzea, beraz, «egin beharrekotzat» jo du. Erriondori ere tokatu zitzaion ikastolak publiko bihurtzeari buruzko eztabaida, eta ez du damurik sare publikoan sartu ez izanagatik, nahiz eta «nazka» ematen dion «pribatu» deitzeak: «Ikastolak herritarrak dira, eta kito. Euskal Herri libre batean bageunde, ez nuke dudarik eraikinak eta dena emateko... Baina ez gaude, Espainiaren mende gaude». Irakaskuntzan «pauso handiak» eman direla eta, norberak bere bideari eutsiz, euskarari laguntzen jarraitzeko eskatu du: «Nahiko borroka izan dira beti gure artean. Aurrera denok».
Josu Martitegi. Seber Altube ikastola
Gurasoei gorazarre
Dirua izaten ahal da, egoitzak, irakasleak, pedagogiak, baina haurrik gabe ez da hezkuntzarik; eta haurrak euskaraz hazi nahi izan zituzten lehen guraso haiek gabe, ez zen ikastolarik sortuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu