XVI. mendeko San Juan baleontziaren erreplika eraikitzen ari dira Albaola Itsas Kultur Faktorian, Pasai San Pedron (Gipuzkoa). Horretarako behar den materiala garai hartan lortzen zen lekuetatik eramango dute Albaolara: haritzaren egurra, Sakanatik; burdina, Somorrostro haranetik; kalamua, Ebro ingurutik; galipota, idiek tiratutako gurdietan Burgostik, Espainiatik...
Albaola eta Burgosko Cabaña Real de Carreteros elkartea aritu dira bihar hasiko den Gurdi Bidea antolatzen. Hemezortzi egunez, Burgos eta Pasaia arteko bidea egingo dute galipota eramango duten hiru gurdik. Langileekin eta teknikariekin batera, nahi duen orok parte hartu ahal izango du ibilaldian. Guztira, 60 lagun inguru ibiliko dira egunero.
Bihar hasita, hemezortzi etapa egingo dituzte, horietatik 11 Euskal Herrian. Galtzear diren ofizioei balioa eman eta ikusarazteaz gain, desagertzear diren idi eta behi espezieak ere ezagutzera eman nahi dituzte.