Jakin banekien gure amek — eta oraingo aita batzuek— etxeko martxa behar bezala eramateko zenbat lan egiten duten goizetik gauera, egunero, astero, hilero, urtero eta beti. Asko dago garbitu eta txukuntzeko, asko jaso, zaindu eta mantentzeko, eta asko asko asko, sukaldean egiteko.
Ustekabean amarenak egitea egokitu zaidan egun hauetan, inoiz baino jabeago naiz zein garrantzitsua den etxeko diziplina mantentzea, eta, batik bat, hozkailua eta despentsa husten ez uztea. Hura ez da sekula amaitzen, hustu eta bete, hustu eta berriro bete.
Azken asteotan iloba daukat etxean. Etxekideak garela diogu txantxetan, baina errealitatea bestelakoa da, batik bat otorduetan. Hor bai, izeba-ilobena baino gehiago, ama-alaben antza gehiago hartzen du gureak. Berak unibertsitatean ikasten du, eta handik hona dabil beti. Ni, berriz, erdi-langabe, sukaldean gora eta erosketetan behera. Goizean jaiki, eta hara, esne gutxi. Iloba esnatuko zait, eta zer gosalduko du gajoak? Eguerdian, berriz, zer edo zer bazkaldu nahiko du. Zera, azalorea, azenario eta patatak lapikora bota, eta plo, plo, plo. Ederki. Ederki? Ez, ba, ez da nahikoa; bigarren platera ere ipini beharko dut. Eta dendak istear! Korrika jaitsi naiz, eta solomoa erosi dut. Bale, bigarrena solomoa, arrautza eta patata frijituekin. Bazkalondoan, garbitu, eta berehala jarri naiz afaltzekoa asmatzen. Patata tortilla bururatu zait; mmm, ez da afari goxoagorik. Hasi naiz poz-pozik patatak zuritzen, baina… berriro arrautza eta patatak? Ezin!
Esan, nondik ateratzen duzue egunero hainbeste otordutarako behar den denbora, irudimena eta azpiegitura?
Maratila
Gure amen meritua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu