Ahmed El Anafi. Musulmana

«Gure erlijioaren inguruan handia da ezjakintasuna»

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Azken hamarkadan, etorkinekin batera hazi den komunitatea da musulmanena. Baina hazten doan neurrian, gizarteak gero eta mesfidantza handiagoarekin begiratzen dio komunitate horri. «Gure erlijioaren inguruan dagoen ezjakintasuna handia da, pentsa dezakegun baino handiagoa», dio Ahmed El Anafi Euskal Herriko Islamiar Zentro Soziokulturaleko ordezkariak. Eta ezjakintasun horren ondorioz, gaur egun jasaten dituzten hainbat bazterketa kasuren sorburuan dagoela uste du El Anafik.

Era berean, jakitun da gizartearen zati batek musulman komunitatea baztertzen duenean, ezjakintasunaz gain, inguruan ikusten dituen ekintza asko orokortu egiten dituelako dela, eta horrek komunitate guztiari eragiten diola. Horregatik, «Euskal Herrian dauden musulman guztiei eskatzen diet, mezkitetan egiten ari garen bezala, autokritika bat egin dezatela eta islamak agintzen dituen balioen arabera bizi daitezela», hartara herritarrek musulmanak bazter ez ditzaten.

Horretan musulmanen komunitateak lan handia duela uste du, «eta gu saiatzen gara». Esate baterako, mendizale talde bat sortu zuten orain dela urte batzuk hainbat euskaldunekin batera, «hemengoa den kirol hori elkarrekin egiteko».

Itxaropena

Azken hilabeteetan arabiar herrialdeetan gertatzen ari diren iraultzek, gainera, musulmanakgaizarteratzen lagunduko duela uste du El Anafik. «Hemen dauden hainbat etorkin euren herrialdeetara itzuliko baitira, bertako egoera politiko, sozial eta ekonomikoa hobetu egingo delako». Eta horrek guztiak hemengo biztanleekin dituzten harremanak hobetuko dituela ziur agertu da El Anafi.

Euren erlijioa adierazteko, gainera, musulmanek zailtasunak topatzen dituzte, «islamaren arabera, egunero hamar minutuz egin behar baitugu otoitz edo halal haragia jan behar dugulako», dio El Anafik. Horiek eta beste hainbat neurri betetzeko garaian, zailtasunak dauzkate Euskal Herrian, eta horretan lan handia egiteko dagoela azpimarratu du Ahmed El Anafik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.