Kostaldeko alaba da Marijo Aizpurua Urkola (Zumaia, 1964), baina aspaldiko urteetan hondartzarako bainoago mendirako joera hartu du. Iraupen luzeko ibilbideen berri kasualitatez izan zuen, Ataungo Jentilen martxara Gurutze Gorriko mediku boluntario joan zeneko batean ezagutu zituen. Ibiltariak erotzat jo zituen orduan. Urteekin, iraupen luzeko ibilaldien gurpil zoroak harrapatu du Aizpurua bera ere. Iaz Euskal Mendizale Federazioak antolatutako zirkuituko 22 ibilaldietatik 18 bukatu zituen, beste inork baino gehiago. Shebe Peña saria hari ematea erabaki zuten zirkuituko finalista izan zirenek.
Shebe Peña sariak badu bereizgarri bat, mendizaleek aukeratzen dute saritua. Nola jaso duzu zuk lagunen aldetiko ezagutza hori?
Pozgarria da jendeak gogoan hartzea. Aurreko urteetan Elgetan egiten den finalista festan aukeratzen genuen saritua. Aurten, Internet bidez izan dugu Shebe Peña saria nori eman aukeratzeko modua; 94 ginen finalistak eta ni aukeratu naute.
Zergatik eman dizutela uste duzu?
Akaso, iazko egutegi ofizialean martxa gehien egin zuen ibiltaria izan nintzelako, 18 guztira. Gainerakoan, ez dut uste beste meriturik egin dudanik. Finalisten zerrendan buruan egoteak eta ibiltarien artean ezaguna izateak lagunduko zuen; ez nire merituz, Joxemari abarkadunarekin urte askoan ibili naizelako ezagutzen nautelako askok.
Gogoan al duzu parte hartu zenuen lehenengo ibilaldia?
Bitxia da, lehenengo aldiz martxa batera joan nintzenean ez nintzelako ibiltzera joan. Albotik ezagutu nituen iraupen luzeko ibilaldiak, Gurutze Gorriko boluntario joanda. Ataungo Jentilen Ibilaldian Lizarrustiko gunean aritu nintzen lanean, eta gogoratzen dut orduan zer pentsatu nuen: 'Erotuta daude hauek! Sei ordu daramate oinez, eta beste sei falta zaie!'. Ibiltari Zestoan irten nintzen lehenengoz, herriko lagun batzuekin; taldea osatzeko bat behar zutela, eta ea joango nintzen. Baina iraupen luzeko lehena XIV Orduak izan zen, 2004an.
Eta ordutik ez zara geratu. Zer dute martxek mendizalea erabat harrapatzeko?
Hainbeste gauza nabarmenduko nituzke... Kirol ikuspegitik bete egiten zaituzte; ni neu kirolzalea naiz, eta adinarekin zenbait gauzatarako mugak izaten ditugu, baina bizi ibiltzeko gauza bagara. Ezagutzen ez ditugun Euskal Herriko bazterrak ezagutzeko modua ematen dute; antolatzen dituzten elkarteek beren herria eta inguruko mendiak ezagutarazteko prestatzen dituztelako ibilbideak. Baina, batez ere, ibilaldietan izaten den giroak eta ezagutzen den jendeak harrapatu naute; saioen ondorengo mahaiinguruek, sortzen diren lagun kuadrillek...
Ibilaldietan hasi zinenerako, mendira joan zalea al zinen?
Ez nintzen mendizale petoa. Zumaian hondartzara joateko ohitura genuen. Baina hondartzan ez dago lekurik orain, eta mendira joaten naiz leku bila (kar, kar).
Norekin joaten zara ibilaldietara?
Herriko lagun batzuekin hasi nintzen, baina haiek gazteagoak ziren, eta familia kontuak zirela medio, pixkanaka uzten joan ziren. Gerora ezagutu nituen Joxemari, Zezilio eta Benito, abarkekin ibiltzen direnak. 'Mutilak, bakarrik nago, inporta al zaizue zuekin joaten banaiz ?', galdetu, eta haiekin ibili naiz urte luzez. Baina urteetan sortu ditugun lau edo bost ibiltari kuadrillaren batekin ibiltzen naiz. Beti elkartzen naiz talderen batekin.
Zein duzu ibilaldi gustukoena?
Ezagutuz joan ahala, geroz eta gehiago nabarmenduko nituzke. Hasi nintzenean, XIV Orduak ezagutzen nituen, baina berehala konturatu nintzen ibilaldi dotoreagoak asko direla. Sakanakoa nabarmentzen dute ibiltari askok; ederra da Beriain, Mikel Deunaren baseliza eta Trinitatea lotzen dituelako. Altsasuko hiru mendilerroak asko gustatzen zait, Alaitzen egiten dena ere bai, eta kariño berezia diot Karrantzakoari; antolatzaileak lagunak ditut eta gustura noa hara.
Aurtengo egutegi ofiziala igandean hasiko da, Villabonako Aizkardiren ibilaldiarekin. Joatekoa al zara?
Izena eman dut, eta, okerrik ezean, hantxe izango naiz, ilusioz. Denboraldiari han ekiten diogu, eta ibiltariok Villabonakoa noiz iritsi zain izaten gara. Aizkardiko Gemak, Gotzonek eta gainerakoek lan handia egiten dute antolatzen.
Berezia dator 2012. urtea. Urteroko martxez gain, XIV Orduak eta Hiru Handiak egingo dira. Bi ibilaldi horiek badute garrantzia zure ibilbidean, ezta?
Bai, eta aurten biak tokatzen dira. Iraupen luzeko ibilaldietan ibiltzen denari, goizago edo beranduago, Hiru Handietan parte hartzeko harra sortzen zaio. Behin egin nuen, eta aurten ere bukatu nahi nuke. Ehun kilometro dira, eta distantzia oso luzea da hori; gorputza, hankak eta burua ezinbestean prestatu behar dira.
Prestaketa berezirik egiten al duzu?
Berezirik ez. Kirola beti gustatu izan zait, eta lehen korrika egitera joaten nintzen tarteka, baina belaunak direla eta ez direla... Sasoiko mantentzen saiatzen naiz, eta izerdi pixka bat egunero ateratzen.
Ibilaldiok ezagutu ez baina parte hartzeko prest legokeenari zer esango zenioke?
Etor dadila. Bakarrik edo lagunekin, baina proba dezala. Badira motzak, tartekoak eta luzeagoak, eta ibiltari guztiek dutela lekua horietan. Ni hala hasi nintzen, eta asteburua noiz iritsi zain egoten naiz orain; lanagatik edo beste konpromiso batengatik ibilaldiren batera joan ezin naizenean amorratzen egoten naiz. Ni medikua naiz, eta guardiak tokatzen zaizkidanean aldatzen edo nola edo hala moldatzen saiatzen naiz.
Mendizaletasuna gizartearen isla dela eta lehiarako grina martxa luzeetara iritsi dela salatzen dute hainbatek. Igarri al duzu halakorik?
Bai eta ez. Iazko zirkuituko finalistak 94 izan ginen, baina urte osoan antolatzen diren ibilaldietan milaka lagunek parte hartzen dute. Euskaldunon artean apusturako eta ika-mikarako joera badago, eta batzuen artean halakorik sumatzen da, baina gehienon artean sekulako patxada dago; jendearekin hitz egin, argazkiak atera... Villabonan mila bat ibiltari elkartzen bagara, bi dozena izango dira mendiko lasterketak prestatzera joango direnak eta beste bost dozena pikea dutenak... Bederatziehun izango gara denbora-pasa eta disfrutatzera goazenak.
Marijo Aizpurua Urkola. 2011ko Shebe Peña saria
«Gurutze Gorriko boluntario ari nintzela ezagutu nituen martxak»
Euskal Mendizale Federazioak antolatutako zirkuituko 18 ibilalditan parte hartu zuen iaz Marijo Aizpuruak; Shebe Peña saria hari ematea erabaki zuten zirkuituko finalistek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu