Battitte Martiarena Iruñeko Etxabakoitz auzoan bizi da, 52 urte ditu eta langabea da. 426 euroko gizarteratze errentarekin bizi da. Nafarroan 6.000 herritarrek jasotzen dute diru laguntza hori. Diru horrekin bizitzea zaila zaion arren, hilabete bukaerara iristen dela dio. «Ez dut hipotekarik; bestela, ezin izanen nintzateke bizi. Ipurdia estu-estu jarri eta hilabetea pasatzera. Hilabete bukaerara larri heltzen naiz, baina bai, bizi naiz», dio Battitte Martiarenak.
426 eurorekin bizitzea posible al den galdetzean, Martiarenak dio aintzat hartu behar dela bakoitzak duen egoera. Hura bakarrik bizi da, eta hil bukaerara heltzea lortzen du. Hileroko gastuak ordaintzeko eta jateko badu. Etxebizitza ordaindua du eta auto txiki bat ere badu. Dituen gastuei dagokienez, gasa, argindarra, ura, komunitateko gastuak, autoaren eta etxearen aseguruak eta janaria aipatzen ditu Martiarenak. «Ez dit gehiagorako ematen».
Hogeita hamalau enpresatan lan egin du. Iaz izan zuen azken lana, bederatzi egunez aritu zen Bortzirietako eta Malerrekako (Nafarroa) postetxeetara kamioi batean fardelak banatzen. Hamalau urterekin hasi zen lanean iturgin laguntzaile gisa Hernanin. Nafarroan eraikuntzan lana zegoela eta gutxira Nafarroara etorri zen bizitzera. «Ostiralean iritsi nintzen Iruñera eta astelehenean lanean ari nintzen. Orain hori pentsaezina da». Harrezkero, hamaika lan egin ditu, tartean AEKko euskara irakasle gisa aritu zen hamar urtez. Lanean aritzea gustatuko litzaioke, baina bere adinarekin lana topatzea ez dela erraza dio. Gainera, %33ko elbarritasuna du Martiarenak. Eskuineko eskuko erdiko zaina ebaki zuen. Behatz lodian eta bi ondokoetan sensibilitatea galdua du eta atrofia bat ere badu behatz lodian.
Egoera samurrean bizi ez arren, ongi jaten eta denbora betetzen saiatzen da. Ogia etxean egiten du aspaldian erosi zuen makina batekin, eta gosaltzeko bizkotxoa ere bai. Haragirik ez du jaten, eta lekale ugari eta barazkiak patata askorekin jaten ditu.
Bere egoerak alde on bat baduela dio. «Denbora libre asko dut». Horregatik, ez da geldirik egoten. Batzarreko kide da, eta Barañaingo udaletxean dituzten bi zinegotziei laguntzen ibiltzen da, udalean aurkezten dituzten helegiteak euskarara itzultzen dizkie. Etxebizitza kaleratzeen kontrako auzoko plataforman ere badabil.
Mendizale amorratua da; asteburuetan mendira joaten da taldean. «Egunerokotik alde egiteko modu bat da». Batzuetan goi mendietan txango zailak egiten dituzte, eta, beste batzuetan, mendi txikiagoak eta errazagoak.
Nahiago du etorkizunean ez pentsatu. «Ez dago perspektibarik. Horri erantsi behar zaio adina. 53 urte beteko ditut, eta hori ere zailtasun bat da lana aurkitzeko, baina saiatzen naiz horretan ez pentsatzen, ez diodalako irtenbiderik emanen. Egunean bizi naiz. Eguneroko martxari ilusioz heltzen diot, eta gero gerokoak. Ez diot bueltarik ematen, zertarako?»
Halere, onartzen du beste batzuen egoera «oso krudela» dela: «Askok psikoloarengana joan behar dute, bikote harremanak izugarri kaltetzen dira..»
Battitte Martiarena. Langabea
«Gutxirako iristen zait, baina bizi naiz»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu