Baionako bestak

Guztiei egokitzen zaien besta

Aurten ere soslai desberdinetako jende anitz bildu da Baionako bestetan. Zahar zein gazte, bertako zein atzerritar, edanean aritzeko zein eguna pasatzeko, milaka jendek betetzen dute Baiona.

Baionako merkatu estaliko karriketan gora, giroa sekula baino beroagoa da. BERRIA.
Leire Casamajou Elkegarai.
Baiona
2022ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Baionako karriketan gora, adin guztietako jendea aurkitzen da, bestan hasteko prest, edo jadanik hasiak. Urtero bezala, soslai desberdinak aurkitzen dira hirian zehar: alde batetik, urteroko jendea bada, Baionako bestez usatuak direnak, eta, bestetik, lehen aldiz etorriak direnak. Batzuk besta egiteko hor dira, edanean aritzeko, eta besteak familian etorriak dira, momentu goxo baten iragaiteko.

Ostatuz ostatu, zein zer taldetakoa den fite ikusi daiteke: bazter batean lasaiki jarririk, edo karrika erdian kantuan eta dantzan, poteorako prestatzen ari direnak errazki desberdindu daitezke besteetatik.

Xan eta haren lagunak ez dira familia giroan etorriak, baina bai «besta egiteko, eta mozkortzeko, egia erran behar bada». Uztail bukaera oporren garaia da gazte askorentzat, eta, dioenez, orain, eskola bukatuta, «gozatzeko gogo handia» dute. Gainera, Xanen arabera, «parada da jendea ezagutzeko», eta «neskak bereziki», bere lagunarentzat —irriz hasi dira—.

Louis ere bere lagunekin etorri da, 35 urte inguruko mutilen talde bat. Azaldu dutenez, Baionako bestena «urteroko hitzordua» da haientzat. Mont-de-Marsan hirikoak dira (Okzitania), eta gazte-gaztetatik, «18 urtetatik», Baionara etortzen dira, «hiruzpalau egunez besta egitera», «betiko laukotearekin». Haietariko bi aita «bilakatu» dira duela gutxi; beraz, «parada da haien berriz gaztetzeko», irri egin du Louisek.

Familia eta lagun taldeez gain, beste festazale soslai bat ere agertzen da urtero: enpresa lankideak. Anna horietakoa da, eta, aurten ere, «enpresarekin jinak» dira. «Urtero egiten dugu, eta aukera da bata bestearen hobeki ezagutzeko; behin alkohola edanik, jendea ez da baitezpada berdina [irriz hasi da]». Enpresan sartu denetik urtero etorri direla azaldu du, eta hiru urteko pausaren ondotik goxo dela «besta giro baten berriz atzematea, lasaitzeko, eta mozkor eder baten hartzeko».

Besta lasaiak, familian

Carine hiru haurreko familia baten ama da, eta senarrarekin, lehen aldia da haurrekin Euskal Herrira etortzen direla. «Baionako bestak famatuak dira, eta, hor izanik, aukera zen horien deskubritzeko», azaldu du. «Beraz, zuri-gorriz jantzi gara, tradizioak nahi duen gisara, eta jin gara».

Hala ere, ez dira turistak bakarrik Baionako bestak lasai egiten dituztenak. Karrikak gazte anitzez beteak dira, baina edadetu anitz ere badira, eta horietarik anitz eguna pasatzera etorriak dira. Xabier horietakoa da: 82 urte bete ditu aurten, eta, bere ohiko lagunarekin, gazte-gaztetatik egiten ditu Baionako bestak. Maluruski, aurten, bere laguna ez da hor besten harekin ospatzeko: «Halakoa da bizia: denbora pasatzen da, eta jendea ere bai». Azaldu duenez, «besta bakarrik egiteko» erabakia hartu du oraingoan, «ohitura zaharrak ez galtzeko, eta lagunaren omenez».

Transmisio gune bat

Gazte zein zahar, Baionako karrikek argiki erakusten dute transmisioa urtez urte egina dela. Jean eta Michelek aitortu duten gisara, «adin batera iritsirik lekua gazteei utzi behar zaie». Biek urterik behin etortzeko usaia dute, haien emazteekin eta lagun batzuekin. Taldean, musikari anitz dira, eta besta anitz musikari gisa egin dituztela zehaztu dute, bandetan edo orkestretan.

Aurtengorako, Jeanen iloba gehitu zaie Baionako besten egun bat pasatzera, hura ere musikaria. Hala ere, beranduago, iloba bere lagunekin besta egitera joanen da. Bestalde, pandemiak eragin etenaldiaren ondoren, «kontent» agertu dira itzultzearekin, baina «aski mesfidati » direla aitortu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.