Guztien artean egindako mapak guztientzat

Egun, indarrean dago GPSa, baina bertako mapengatik ordaindu egin behar izaten da askotan, eta batzuetan akatsak ere izaten dituzte. Bestelako aukera bat eskaintzen du OpenStreetMapek: edozeinek egin dezake bere ekarpena sareko mapan.

Donostia
2010eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
GPSak bere txokoa egina dauka herritarren artean. Denerako erabiltzen da, denda jakin bat aurkitzeko, bidaiak egiteko... Perretxikotan ibiltzen diren batzuek beraien toki ezkutuak markatu eta hurrengo urteetan bertara joateko ere erabiltzen dute. Jakina, zerbitzu hori ez da dohainik izaten, eta kasu askotan akatsekin edo zerbitzu mugatuarekin izaten da. Eragozpen horiekin aspertuta, Steve Coast ingeniariak OpenStreetMap (OSM) komunitatea eratzea erabaki zuen. Edonork egiteko eta edonork erabiltzeko mundu osoko mapa sortzeari ekin zion horrela.

Sei urteko bizia dauka OSMk, eta helburua da herritar guztien eskura ahalik eta mapazehatzena jartzea www.openstreetmap.org webgunean. Toki askotako mapak aurki daitezke bertan, eta edonork deskarga ditzake bere ordenagailura gustukoen duen formatuan eta tamainan. Horrela, inori ezer ordaindu gabe edonork mapak izan ditzake bere ordenagailu edo GPSan. Mundu guztiko mapa eratzen ari dira momenturo, eta nahi duenak hobekuntzak ezarri ditzake horien webgunean.

Herrialde gehienetako administrazioek egiten dituzte bertako mapak, baina, normalean, horiek lortu nahi dituenak ordaindu egin behar izaten du haiek lortzeko. Bestalde, kasu askotan mugatuak izan ohi dira mapak erabiltzeko lizentziak, eta hori dela eta, toki jakin batzuetako informazioa bakarrik eskaintzen dute, eta norberak ezin izaten du eduki berririk sartu edo akatsik zuzendu. Horren guztia dela eta, doako erabilerako zerbitzua sortu beharra ikusi zuen Steve Coastek.

Nazioartean funtzionatzen du, eta edonork dauka bere herriko kale eta errepide guztiak bertan sartzeko aukera. Errepideen nondik norakoak erakusteaz gain, farmazia, taberna, hotelaketa beste hainbat tokiren inguruko informazioa ere eskaintzen du.

Euskal Herria ere ez da kanpoan geratzen, eta herri askotako kale eta errepideen informazio zehatza ematen du. Hiriburu guztien informazio zehatza ematen du, baina herri txikiagoak ere zehaztasun handiarekin daude. Kale izendegiak zehaztasun handiarekin eginda daude, eta etxeetako atarien zenbakiak ere agertzen dira, hotel, autobus geltoki, farmazia, informazio bulego eta beste hainbat zehaztasunekin batera. Adibidez, Goiazko frontoira (Gipuzkoa) edo Orreagako (Nafarroa) zein Argomaizko (Araba) ostatura joateko bideak erakusten ditu.

Horretan lanean dabilen taldeak www.euskalmapa.com webgunea sortua dauka. Bertan, euskaraz jartzen dituzte munduko hirien izenak. Bestalde, bertako kale eta errepideak eguneratzen ere ibiltzen dira. Euskal Mapan horrela ikus daiteke informazioa, euskarazko izenekin.

Oso erraza da OSMn erregistratzea, eta sistema sinple baten bidez, edonork marraz ditzake errepideak. Bere herriko mapan edo ezagutzen duen tokiren bat gaizki marraztuta dagoela ikusten baldin badu, edo gehiago zehaztea daukala iruditzen bazaio, aldaketak egitea posible izango du, eta mundu osoko ereduan ikusiko dira aldaketak. Hori dakar mapa librea izateak.

Aurten, dagoeneko, 300.000 erabiltzaile daude erregistratuta, eta hilero 12.000 inguruk eguneratzeren bat egiten dute, hau da, egunean ehunka eguneratze dauzka mapa erraldoiak; beraz, egunetik egunera handitzen ari da eskaintza. Zehatz-mehatz, egunean 25.000 kilometro gehitzen zaizkio proiektuari, eta guztira 60 milioi kilometro errepide dauzka ipinita.

Erabiltzaileak, kalean

Boluntarioak ibiltzen dira kale informazioa webgunean jartzen. Horretarako, autoz, oinez edo bizikletan kaleetan bueltaka ibiltzen dira GPSak piztuta, eta bertan ibilbidea markatzen joaten dira ondoren OSMren mapan txertatzeko. Bestalde, kaierak ere erabiltzen dituzte ezaugarriak apuntatzeko, baita argazki kamera edo ahotsa grabatzeko grabagailua ere. Kalean dauden herritarrei galdezka ibiltzen dira askotan; izan ere, toki zehatz batzuen inguruko informazioa eskuratzeko, oso baliagarria da. Azken finean, herritar arruntek egindako ekarpenekin osatutako mapa librea da.

Sortu zenetik gaur egunera arte, zenbait enpresaren ekarpenak ere izan ditu fundazioak. Batzuek beraien aireko argazkiak erabiltzen utzi izan diete mapak egin ahal izateko, eta beste kasu batzuetan, mapak ere eman dizkiete. Automotive Navegation enpresak 2007an adibidez, Herbehereetako datu multzo handi bat eman zien, baita Txinako eta Indiako errepideen informazioa ere. Hurrengo urtean, berriz, Kanadako GeoBase.ca ekimen publikoak Kanadako bere datu guztiak pasatu zizkion fundazioari.

OSMk lotura estua du garapen proiektuekin. Besteak beste, urtarrilean Haitiko lurrikara izan zenean, OSPko eta Crisis Commons elkarteko boluntarioek eskura zituzten satelite irudiak erabiliz, Port-au-Princeko errepide sarearen, eraikinen eta errefuxiatuen kanpalekuen mapak egitea lortu zuten bi egunean. Haitiko mapa digitalik osatuena dela diote. Kiberako (Nairobi, Kenya) mapak ere eginak dituzte. Gazan ere (Palestina)ibilitakoak dira OSMko giza laguntzako taldekoak mapak osatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.