Prozesio erlijiosoez gain, turistikoak ere izan dira Bilbon Aste Santuetan. Asteburu honetan bisitari ugari izan dira Bizkaiko hiriburuan, eta horietatik askok atzo izan zuten azken jai eguna. Hiria apurka bisitariz husten ari da hortaz.
«Bi egunetarako etorri gara, eta garrantzitsuena ikusita gaur goaz etxera bueltan», zioten Yago eta Marta madrildarrek. Beste askok asteburu osoa eman dute hirian, eskaintza eta giroaz gozatzen. «Bilboko Zazpikaleak goitik behera ezagutzen ditut dagoeneko, egunero ibili baikara han tabernarik taberna poteoan». Alacanteko (Herrialde Katalanak) Cesar Modesek. Euskal derbia ere ezagutu ahal izan du; «benetan giro aparta egon zen larunbatean». Hala ere, turismo gastronomikoak bultzatuta etorri da Bilbora, turista asko bezala. «Oporretan irteten garenean askotan joaten gara ongi jaten den lekuetara».
Jan eta edateaz gain ordea, Bilbok eskaintza zabalagoa du, eta horien bila etorri dira turistak. «Guggenheim museoa ikustera etorri gara batez ere, eta ondoren hiria ezagutzera», zioen Jesus Urriza iruindarrak. «Eta egia esan, zer ikusi asko dago, ibaiertza, zazpikaleak...». Bilbon ezagutzeko dagoena gainera, dena inguruan dagoela azpimarratzen zuen Modes alacantarrak. «Harrituta geratu naiz oinez edozein lekutara joan zaitezkeelako. Horrela ibili gara, aurrera eta atzera...», zioen.
Eguraldia ere lagun izan dute bisitariek; «apenas egin digun euririk. Aurten alderantziz izan da gainera, penintsula guztian euria egin baitu eta hemen ia batere ez», zioen Modesek. Tina Arbuelles bartzelonarrak ere eskertu du eguraldia: «Orain dela urte batzuk etorri nintzen Bilbora lehenbizikoz eta ezin izan nuen ezer ikusi, euria eta elurra egin baitzigun. Aurten hiriaz gozatu ahal izan dut». Yago eta Martak hiriaz gain itsasoaz ere gozatu ahal izan dute, kostaldera inguratu eta bainatzeko aukera ez baitute galdu. «Ura hotza dago, baina urteko lehenengo bainua hartzeko gogoa geneukan–.
Guztientzako hiria da Bilbo
Bisitari ugari izan dira asteburu luze honetan Bilbon, Aste Santuko oporraldia dela eta. Era askotako turismoa egin daiteke hirian; hala erakutsi dute askotariko turisten irudiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu