Ustekabearekin jolastu behar izaten dute bertsolariek, eta horixe egin zuten atzo Andoni Egaña, Jone Uria, Zigor Enbeita eta Asier Otamendi bertsolariek, Gasteizen haizea zakar ibili zen arren. Bertsolari horiek bildu zituen Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak, eta, Egañak aurreneko bertsoan bota legez, «hego haizearekin batera» egin behar izan zuten kantuan lau bertsolariek, ustekabeekin dantzatuz. Lehenengoa Egañak sufritutakoa, haizeak zapia burura altxatu zionean, haren hitzetan, «doña Rogeliaren tankera» emanez. Hasieratik lortu zuen Egañak ikusleak bereganatzea.
Pixkanaka joan zen Aihotz plazara jendea biltzen, ekitaldia ikusteko jarritako aulki ia denak bete arte. Plazara ematen duten eskailerak ere eserleku moduan baliatu zituzten hainbatek. Hori bai, hego haizeak ekarritako sargoriak edariak alboan izatera derrigortu zuen azken unera arte. Laurak independentziaren zapi berdea lepoari lotuta iritsi ziren «hiri berdera», Enbeitak esan moduan. Jai giroa nabarmendu zuen Uriak, eta Otamendik haserretuei egin zien erreferentzia, Aihotz plazan elkartu ziren gasteiztarrek haiekin ez haserretzeko itxaropena zuela abestuta.
Binaka aritzen lehenak izan ziren Egaña eta Uria. Egaña krisi ekonomikoarengatik eskale bihurtu, eta Uriari eman ohi zion txanpon eske aritu zen. Iraganera egin zuten jauzi Otamendik eta Enbeitak, ondoren, Txusta tabernara. «Liburu eta apunterik gabeko bertso eskola» zela gogorarazi zion Otamendik. Ardo gozoaren laguntzaz ikasi omen zuen hark bertsotan taberna hartan. Edonor tabernaren barneko sentiarazten zuen Txusta, Enbeitaren irudiko. «Zeledonek ere» hamaiketakoa hartzeko aukeratzen zuela iragarri zuen.
Tabakoaren legearen ondorioak pairatu behar izan zituen Egañak, gero. Bere tabako zaletasuna ikusirik, bazkari batera joan eta zigarro elektroniko batekin konformatu behar izan zuen bazkalosterako. Txaloak jaso zituen bertsolariak «zabaldu egin behar da bizitza, eta ez luzatu bakarrik» esaldiarekin, bukaera dotorearen sari. Sometitu egingo zutela bai, baina ez konbentzitu, gaineratu zuen bertsolari zarauztarrak.
Umoreari tartea
Barre algarak sortu zituzten Uriari eta Otamendiri egokitutako gaiak eta bertsolariek botatako erantzunek. Otamendik debekatu egin zion alaba Uriari jaietan ateratzea. Otamendi bera hurrengo goizean mozkor-mozkor eginda eta eskuan txurroak zituela ikustean etorri zitzaion ezustekoa alabari, Uriari, alegia. Goizean goiz «txurroekin eta txurro eginda» zer egiten zuen galdezka hasi zuen Uriak bertsoa. Ikusleen irria.
Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñeko festen ordezkari bilakatu ziren ondoren lau bertsolariak. Bakoitzari tokatutako hiriko festak goraipatu, edo hobeto esanda, albokoaren festei akatsak aurkitu eta elkarren kontra aritu ziren. Uriak irabazi zuen tenka hori, harekin ados zeudenak eskua altxarazteko eskatu baitzuen, baita lortu ere. Gasteizko Blusa eta Nesken ordezkaria izatea egokitu zitzaion Uriari. Otamendik Donostiako ordezkaritza defendatu zuen, alkate ona zeukatela nabarmendu zuen, «beste hirietako ordezkariek agurtu nahi ez dutena». Enbeitak, Iruñea ordezkatuz, festak haiek asmatu zituztela aldarrikatu zuen. Eta Egañak, berriz, bere bilbotar harroxkoa atera zuen, beste hirien mailan jartzea bekatua ez ote al zen bere buruari galdetuta.
Gasteizko jaietako hirugarren bertso saioa izango da gaurkoa. 13:30ean izango da, ohiko legean, Aihotz plazan. Xabi Igoa, Izar Mendiguren, Jon Maia, Onintza Enbeita eta Amets Arzallus bertsolariak arituko dira oholtza gainean.
Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak
Haizea bertsoen suspertzaile
Aihotz plaza izaten da bertsolari eta bertsozaleen bilgune Gasteizko jaietan; Andoni Egaña, Jone Uria, Zigor Enbeita eta Asier Otamendi aritu ziren atzo kantuan, «hego haizearekin batera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu