Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Haizea saltzen

Xabier Lasa.
2011ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Zaharrak berri. Informazio eta entretenimenduari lotutako edukiak sendotuta, inoiz baino zerbitzu publikoagoa eta askotarikoagoa… Ezagunak egiten zaizkigun topiko horiek eta gehiago jakinarazi dizkigute EITBko irratien programazioa aurkezterakoan, zeina bihar hasiko baita. Zaharrak berri, ordea. Eitb.com-eko atarian radio hitza klikatu besterik ez dago: REren printzipio politikoak adierazten duela dirudien orria bistaratzen ari zaigu egunotan. Bertan, hauek ageri dira, Dani Alvarez Boulevard-eko gidariaren azpian, nor bere argazkiarekin: Patxi Lopez lehendakaria, Iñaki Arriola (Jaurlaritzako sailburua), Antonio Camacho (Madrilgo barne ministroa), Mikel Cabieces (Madrilgo gobernuaren ordezkaria EAEn), Iñigo Urkullu (EAJ), Anjel Alkain eta Aitor Gabilondo umoregileak, eta, Espainiako bost aktore.

Galderekin erretratatzen. Komunikabideen arloan pizten diren udako sutzarrak ez dira euria bezain fenomeno naturalak; interesen bat daukaten eragile izen-abizenekoak daude atzean. Bilduri abuztu osoan eragin dioten presio politiko-mediatikoan, adibidez, REk funtzio bikaina bete du. Irrati estudioko oharren taulan «horiei su-etenik ez» gidalerroa idatzita balute bezala jokatu dute albistegi eta tertulia politikoen kargu egon diren kazetariak. Irailean itzuli den Dani Alvarezek, berriz, ederki gainditu du lankideek jarritako marra, errealitatearen interpretazio alderdikoia egiteko orduan. Esate batera, galdetzailea guztiz erretratatuta geratzeko moduko galdera egin zion Antonio Camacho barne ministroari, ostegunean: «Zure analisien arabera, ezker abertzaleak hartu al du instituzioetara joateko erabakia, biolentziaren bidez horiek suntsitzen saiatu beharrean?».

Irrati kanona. Diru hotsa (milioika euro) aditzen da Ser eta Cope irratien inguruan, dela zein esatari fitxatu dituzten dela iragarkien diru iturriekin. Zorretan diren klubek, hortaz, euren kutxak hornitzeko bidea ikusi dute kanona jarrita, partidak kontatzearen truk. Irratiek uko egin diote ordaintzeari, adierazpen askatasuna aldarrikatu eta irratia komunikabiderik demokratikoena, merkeena, eskuragarriena dela esanez. Arrazoiak arrazoi, negoziaziora jo beharko dute. Bitartean, sokatira joko horretan ikusgarria egiten ari zaigu irratiak partidak kontatzeko erabiltzen ari diren martingalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.