Igande goizeko gelditasuna Hendaiako plazan. Hotzak hartua nago. Autoen gainak izotzak zurituak. Barda horma egin du. Akelarre batasuneko eskuek berrikitan Olentzero kari pinpirinean airean dilindan ezarriak zituzten afixa handiak, gaur piltzar bihurtuak. Urratuak, lurrera eroriak. Herriko langileak bihar pasatuko. Izotzaren umidurak papera guritua, hitzen tinta aldizka pataskatua. Haizeak afixaren puntak urratuak. Hala beharra, bazter batean leitzen dut: Olentzero Xabier Leteren omenez. Eta Leteren potreta, begiak zorrotz. Hilen erreinutik behatzen banindu bezala. Itxura fantasmatiko. Xalbador gogoan egin zituen neurtitzak ezarri dituzte: Adiskide bat bazen orotan bihozbera / Poesiaren hegoek sentimenduzko bertsoek / antzaldatzen zutena. Ahanzturak bere lana egina du bi egunez Hendaiako plazan. Nehor ez. Plazaren bertzaldean, afixa inprimatuak elkarren gainetik kolatuak: Olentzero abenduaren 24an Errepublika plazanÂÂ… Vendredi 10 décembre (frantsesez data letra nagusiz), Abenduaren 10ean (euskaraz letra ttipizÂÂ…) Kepa JunkeraÂÂ… AHT-rik ez! Non àla LGV!... Euskal presoak Euskal Herrira, Erreximenta salmenta-Vente de confitureÂÂ… Benito Lertxundi Urruñako polikiroldegianÂÂ… Urtarrilaren 2an Pirritx eta Porrotx. Urnietara joan nintzen, hogeita sei urte nituela, aitzinetik zitarik eskatu gabe. Letez idatzia nuen Maîtrise memorioa eskuetan. Ene buruari hitzemana nion ez nuela zoria bortxatuko. Nehor ez bazen, ez nintzela destinoaren gibeletik lasterka ibiliko. Funtsean, ez dea idazlearen lanaren irakurtzea konta den bakarra? Zoriak bere lana bete du: sekulan ez dugu elkar kausitu. Korsikara ninderaman airekoan irakurri nuen haren heriotza abisua.
Maratila. Aurelia Arkotxa
Hala beharra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu