Hamaika urte asko direlako

Tolosaldeko Txolarre irratiak urteurrena ospatuko du gaur, txapel askoko bertso saio batekin

Arzallus, Egaña eta Lujanbio, Txolarre irratiaren 10. urteurrena ospatzeko saioan, iaz. TOLOSA ETA LEITZALDEKO HITZA.
Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Abenduaren 26an bete zituen 11 urte Tolosaldeko (Gipuzkoa) euskara hutsezko Txolarre irratiak. Gaur egingo du, ordea, urteurrena ospatzeko jaia. Maila handiko bertso saioa antolatu du, Tolosako Udalaren laguntzarekin: Andoni Egaña, Jon Maia, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Jexux Mari Irazu eta Aitor Sarriegi arituko dira oholtzaren gainean—Sarriegik Gipuzkoako Bertso Txapelketa irabazi berri du—.

Zergatik ospatu urteurrena bertso saio batekin? Txolarre irratiak lan handia egin du 11 urteotan bertsolaritzaren berri zabaltzen. Izan ere, bi saio eskaintzen dizkio irratiak bertsoaren arteari, astero: Zortziko Aldrebesa saio osoa, eta tarte bat Tolosaldeko Ahotsa magazinean.

Sei bertsolariak Amaia Agirreren gidaritzapean arituko dira, eta sarrerak hamar euroan jarriko dituzte salgai.

Txolarre irratia 2000. urtean hasi zen uhinak astintzen. Tolosaldeko 30 herritara heltzen da, FMko 107.5-101.2 frekuentzian. Oraindik gaztetzat du bere burua, baina dagoeneko eredu propio baten oinarriak finkatu dituztela uste dute kudeatzaileek. «Ez dugu beste irratiekin lehiatu nahi, haien hutsuneak bete baizik. Euskarazko herri irrati bat, gertukoa eta euskaraz».

TXOLARRE IRRATIAREN URTEURREN JAIA

Noiz. Gaur, 18:00etan.

Non. Tolosan, Leidor antzokian (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.