Ezin dute bezatu. Hamaikagarrenez mugituta ere, ikusteko dago Ondarretako harea modu egokian zabalduko denetz uda honetan. Harriak ez agertzea da xedea, azken urteotako arazoa konpontzea. «Zerbait bizia da hondartza, mugimenduan dago; kontua da guk gure neurrira egin nahi dugula». Elena ohitu da jadanik hondeamakinekin, Antigua auzoko bizilagun asko bezala. Makinen hotsa etengabea da pasealekuan dabiltzanentzat, hala korrikalarientzat nola txakurra etxetik atera berri dutenentzat; beste asko geldirik daude barandan, ikuskizunari so. Erretiroa hartutakoak ez dira falta lehen lerroko begiraleen artean. Dena den, dunper handien kolore horia urrutitik ikus daiteke Ondarreta zapaltzen: itsasertzean botatzen dute harea, pasealekutik induskatu ondoren; gaur [atzo] Lore Topeko inguruetan dabiltza. Aurreko egunetan egindako lana ezagun du hareak: ereiteko zain dagoen baratzearen itxura dauka.
Aztiren azterketaren ondorioei jarraituz, Donostiako Udalak harea mugitzea erabaki du. Jatetxea ere bota zuten urtarrilean, Espainiako Itsasertzetako araudia tarteko. Eraikin hark harea hedatzea oztopatzen zuela uste dute; «harea bahiturik zeukan», dio Aztiren txostenak. Baina harritzaren arantzak hortxe jarraitzen du, maila batean edo bestean, eta hamaikagarren saioa egitea deliberatu du Udalak.
«Harriak kentzen ez dituzten bitartean, harriak azalduko dira», iragarri du Santik. Txakurrak buztana mugitzen du azkar haren alboan. Odon Elorzaren udal gobernuak kendu zituen askotan kamioi handiekin, Aztiren aholkuei muzin eginda, 2004tik aurrera; 250 tona harri eraman zituzten, 2006an; 40 tona, 2009an; eta 122 tona, hurrengo urtean. Dena alferrik. «Urumea ibaia dragatu gabe dagoelako gertatzen dela ere entzun dut», dio Luisek, auzoko beste bizilagun batek. Egoera konpontzeko bide eraginkorren inguruan Aztiren txostena jakinarazi den arren, bizilagun bakoitzak bere diagnostikoa dauka. «Orain urte batzuetako denborale izugarri hark zati handi bat eraman zuen uhartea eta Haizearen Orrazia lotzen dituen pasabide murgildutik, eta olatuak beste norabide batekin datoz ordutik», azaltzen du Elenak; «natura ezin da gainditu, itsasoak berea duena hartzen du beti», dio.
Oraingoan ez dira harriak kentzen ari itsasertzetik, haien gainean hondarra pilatzen baizik; harriak hain zuzen, hondartzaren oinarria osatzen dutela diote Aztin: «Harriak kentzeak larriago egin dezake arazoa». Hondeamakinen lana antzua izan daiteke denborale indartsuren bat baldin badator, baina lan hori egin gabe egoera okerragoa bilakatu daitekeela dio Udalak.
Plaza giro
Hamaikagarrenez begira
Ondarretako harea mugitzen aritu dira dunperrak aste osoan, harriak azal ez daitezen udan; jende ugari egon da badiari so lanak jarraitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu