KOMUNIKAZIOA

Hamaikak haur programazioa estreinatuko du gaur iluntzean

Astelehenetik ostegunera gaztetxoei zuzendutako 'Leku txiki bat' saioa emango dute, 20:30etik aurrera

urtzi urkizu
Donostia
2010eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Programazioan aurrerapausoak eman nahian, Hamaika telebistak ume eta gazteentzako tartea zabalduko du hemendik aurrera. Hain zuzen ere, gaur estreinatuko dute Leku txiki bat neska-mutikoei zuzendutako barne ekoizpeneko saioa. Astelehenetik ostegunera emango dute, 20:30ean.

Hamaikako kideek diotenez gaur egun aukera anitza dago telebista kateei dagokienez: «Baina euskaraz eta berezko ekoizpenak oso gutxi dira. Horregatik, Hamaikan bertoko gazte eta umeentzako tartea zabaldu nahi da aurten».

Leku txiki bat programa hainbat atalez osatuta egongo da: eskulanak landuko dituzte Eskuokin tartean, zientziaren mundura hurbilduko dira Burburia eta Izotopo deituriko zientzilari eroekin eta idazleek ipuinak kontatuko dituzte Hamaika ipuin atalean. Saioko gidariak, bestalde, Lulu eta Elmer pertsonaiak izango dira (Ane Zabala eta Galder Perez aktoreek antzeztuko dituzte). Bidaia harrigarriak proposatuko dituzte, ilargira, bertsolaritzara, liburuetara eta atzerriko hirietara. Gilkitxaro antzerki taldeak sortutako pertsonaiak dira, eta han eta hemengo oholtzetan ibili ostean telebistara egingo dute jauzi.

Ikastetxeekin tarte berezia

Programa berriak egunero izango duen tarte garrantzitsuenetako bat Berba eta piku izango da. Hamaika telebistak eskola eta ikastolekin batera egin nahi du tartetxo hori, haur eta gazteek telebistan esperimentatzeko txokoa izan dezaten. «Haur eta gazteen komunikatzeko espazioa izan nahi du tarteak, eta haien artean euskaraz hitz egitea bultzatzeko asmoa du», iragarri dute. Berba eta piku-n berba izango da nagusi, baina baita berba eta irudimena eta berba eta ekintza ere.

Lehen hezkuntzako 3.,4.,5. eta 6. mailako eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek parte hartu dezakete saioan. Astero ikastola edo eskola batean eginiko saioak ikusi ahal izango dira. Saio honen bitartez gazteek ikus-entzunezko munduarekin lehenengo kontaktua edukitzea nahi dute. Izan ere, telebista ezagutzeaz gain, telebista egiteko aukera izango dute neska-mutikoek. Berba eta piku-n irudia eta hizkuntzari garrantzia eman nahi diote, ahozkotasuna landu ahal izateko.

Aurreneko asteetan Santurtziko Bihotz Gaztea ikastolak eginiko saioak ikusiko dira Leku txiki bat programan. Ikasleek albistegi harrigarriak, Santurtziko historia eta hainbat pieza berezi prestatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.