Zientzialariak Lur planetatik at dagoenaren bila gero eta indartsuago abiatu diren sasoi honetan, gero eta argiagoa da gizakiak ez dituela ezagutzen oraindik Lur planeta berak hartzen dituen bizitza mota guztiak. Tarteka espezie ezezagun bat han edo hemen (ohian galduetan sarri) aurkitu dutelako berri eman dute hedabideek. Aurkikuntzak bere exotismoaren araberako tokia lortzen du hedabideetan. Baina ikusgarritasunetik harago, zientzialariek urtero aurkitu eta sailkatzen dituzte ordura arte ezezagun diren milaka espezie, izan landare, intsektu edota ugaztun.
Oihanak galdu aurretik
XXI. mendean 250.000 espezie inguru jaso dituzte liburuetara. Hamar urteko lan oparoa izan da (2000-2010), eta zoologoek nahiz botanikariek jakin badakite ez dela agortu oraindik Lur planetaren bioaniztasunak eman ditzakeen ezusteak. Hilabete ez da oraindik Madagaskarren ordura arte sailkaturik gabe zegoen lemur (Lemur catta) espezie bat aurkitu dutela. Indiako Ozeanoan kokatutako uharte handian ez da baso askorik geratzen, baina horietako batek nektarrez elikatzen den lemur txiki bat gordetzen du. Puntan bukatutako belarriak, oin handiak eta zuhaitzen enborren azala karrakatzen duten hortz txikiak ditu lemur horrek. Enborren erretxinaz gain, loreen nektarrarekin elikatzen da; horretarako mingain luze bat du.
Nolakoa izango ote da gizakiak aurkituko duen hurrengo espezie ezezaguna? Ohian, baso eta, oro har, gizakiaren jarduna suntsitzen ari den ekosistema ugariek zer ez ote duten gordetzen. Zientzialari asko ekosistema horiek galdu aurretik lasterketa batean dabiltza gaur egun, gizakiak espezie ezezagun gisa identifikatzen dituenak jaso ahal izateko.
Hamar urte, milaka espezie
Azken hamarkadan 250.000 espezie inguru aurkitu eta sailkatu dituzte zientzialariek mundu zabaleko ekosistema ugaritan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu