Hamar urtez abordatzen

Donostiako piratek hamar urte bete dituzte aurten. Mugimendua zabaltzeko eta gogoeta egiteko baliatu nahi dute urteurrena, eta lehenengo biltzar pirata antolatu dute urtarrilaren 28an.

Abordatzeak urtetik urtera gero eta jende gehiago erakartzen du. IMANOL OTEGI / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Donostia
2012ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Hirian zegoen hutsune bati erantzun nahian sortu zuten. Jai herrikoi eta parte hartzaileagoak izateko asmotan Donostiako Parte Zaharreko tabernariek, zenbait kuadrilla eta auzotako gazte taldeak batuta. Geroztik izugarrizko bilakaera izan du mugimenduak. Donostiako piratek aurten betetzen dituzte hamar urte, eta, hori dela eta, urte berezia izatea nahi dute. Mugimendua zabaltzeko xedez antolatuko dute Piraten I. Biltzarra, urtarrilaren 28an.

«Parte hartzeko ekimenei dagokienez, ezer gutxi eskaintzen zuen udalak. Beste Aste Nagusi bat nahi genuelako sortu genuen mugimendua», azaldu du Haritz Barela piratak.

Abordatzea izan zen antolatu zuten lehen ekimena, eta, arrakasta ikusita, lanean jarraitzeko erabaki irmoa hartu zuten. Gaur egun, jenderik gehien erakartzen duena da; mugimenduaren bilakaeraren adibide argia: «Orain dela hamar urte hamar txalupek parte hartu genuen. Iaz 500 izan ginen», azaldu du Aratz Trecet piratak.

Gutxi batzuen ilusioarekin ereindako hazia haziz joan zen pixkanaka. Musika gaua, maketa lehiaketak eta kontzertu piratak iritsi ziren denborarekin. «Herritar guztiengana iristeko asmoarekin», haurren, helduen, gazteen eta kuadrillen egunak antolatzea izan zen hurrengo erronka, Trecetek adierazi duenez. Eta duela bi urte lehorreratu egin ziren, Donostiako Trinitate plaza Flamenka gune bihurtuz. Gainera, lehen aldiz abordatzea egitarau ofizialean sartu zen, Odon Elorza alkate zela. Aste osoko egitaraua antolatzera egin zuten jauzi orduan. Iaz kaia bilakatu zuten festagune.

Filosofia

Baina behin eta berriz azpimarratu dute piratek ez dituztela soilik jai herrikoiak edo Aste Nagusia ordezkatzen, «filosofia» baten barnean ulertu beharra dagoela mugimendua: «Pirata izatea bizimodu bat da. Balio batzuetan oinarritu, eta donostiar guztiei erantzuteko mugimendu bilakatu nahi dugu», esan du Barelak.

Hori frogatzeko adibidea ere jarri dute. Donostiako Txomin eta Martutene auzoetan uholdeetan kaltetutakoei laguntzera joan zirela gogoratu dute Trecetek eta Barelak. Elkartasun uholdearekin egin zietela aurre uholdeei. «Egunaren arabera, 100etik 50 pertsona bitartean azaldu ginen. Esperientzia oso polita izan zen», dio Trecetek.

Testuingurua ere asko aldatu zaie hamar urte hauetan. Udal aldaketak mugimenduan zein neurritaraino eragin duen galdetuta, piratak politikatik aldenduta daudela diote, eta «ez direla inorekin ezkontzen». « Iaz kaian egongo ginen alkate hau gabe? Ziurrenik bai. Atzetik ibilbide luze bat geneukan », dio Barelak. Hala ere, onartzen dute udal honek jai eredu bera konpartitzen duela.

Piraten lehenengo biltzarra

Hamargarren urteurrena baliatuko dute iraganari begiratzeko eta etorkizunaren inguruko gogoeta egiteko: «Antolakuntzan bultzada txiki bat eman behar dugula ikusi dugu, mugimendua zabaltzeko eta jendea gerturatzeko», gaineratu du Aratz Trecetek. Horri erantzunez antolatu dute Piraten lehendabiziko biltzarra. Urtarrilaren 28an, larunbatean egingo dute, Donostiako Doka antzokian. 11:00etatik 13:00etara eta 14:00etatik 17:00etara.

«Piraten filosofia eta egitaraua eztabaidatzeko» esparru bilakatu nahi dute Doka egun horretan,Izan ere, orain arte ez baitute gogoeta sakonik egin mugimendu gisa nora iritsi nahi duten aztertzeko, eta unea iritsi dela uste dute. «Jai parte hartzaileak, parekideak eta euskaldunak nahi izan ditugu beti. Hortik abiatuta, hamargarren urteurrena mugarri izatea nahi dugu», nabarmendu du Barelak.

Edonori azaltzeko gonbit egiten diote, nolanahi ere; piratek izan dezaketen altxorrik handiena mugimenduan parte hartzeko prest dagoen jendea delako, kideen hitzetan. «Pirata sentitu nahi duen edonork aukera du hara joan eta gogoetak azaleratzeko», gaineratu du Barelak. 2016 kultur hiriburuaren proiektuari ere euren ekarpenak egin nahi dizkietela adierazi dute.

Biltzarra zertan datzan jakiteko batzarra egingo dute hiru egun lehenago, urtarrilaren 25ean Dokan bertan, 19:30ean.

Horretaz gain, hainbat ekimen aurreikusi dituzte. Batetik, «euren produktu izarra», abordatzea, aurten berezia izango dela aipatu dute. Inoiz baino parte hartzaileagoa eta ikusgarriagoa egingo dutela aurreratu dute. «Haurrak ere egotea gustatuko litzaiguke».

Urte hauetan guztietan izandako bilakaera azaltzen duen dokumental bat ere kaleratu nahi dute otsailerako.

Eta logoa egiteko lehiaketa egingo dutela adierazi dute. «Haurrak dira agian gutxien parte hartzen dutenak, eta, horregatik, ikastoletan burutuko dugu lehiaketa. Piratarik bihurrienak izango dira arduradunak».

Gaur egun mugimendua osatzen duten pertsonak zenbat diren zehazki jakitea ez da erraza.Hogei pertsona inguruk lan egiten dute etengabe, eta 50 kuadrilla ingururekin biltzen dira tarteka taldeetan. Beraz, guztira 500 lagun inguru. Kopuruak ikusita, «ilusioarekin» begiratzen diote etorkizunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.