Ane Irazabal. Freelance kazetaria Palestinan

«Harresia eraikitzen jarraitzen dute, eta koloniak gero eta handiagoak dira»

Historian eta ikus-entzunezko komunikazioan lizentziaduna da Ane Irazabal (Arrasate, 1984). Urtebete Palestinan izan ostean, gatazkaren ikuspegia aztertuko du, gaur, Aretxabaletako kultur etxean, 18:30ean.

berria BERRIA / BERRIA.
2012ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Palestinako gizartea eta gatazka barne-barnetik ezagutu ditu Ane Irazabal arrasatearrak. Urtebetez, freelance kazetari lanean aritu da han. Orain etxean da berriro, eta, Palestinan bizitakoa zabaltzeko asmoz, hitzaldi bat emango du gaur, 18:30ean, Aretxabaletako kultur etxean, Alberto Pradillaren laguntzaz.

Labur-labur, zertan datza hitzaldia, eta zein helburu du?

Palestinako eta Israelgo gizarteak ezagutarazteko antolatu dugu hitzaldia. Haien arteko konparazio bat egingo dugu, eta egoera nola dagoen aztertu.

Iritsi zinenetik gaur egun arte, zein aldaketa izan ditu gatazkak?

Egia esan, aldaketa handrik ez da nabari. Esango nuke palestinarren eguneroko bizimoduan egoera gero eta okerragoa dela, zailagoa; ikuspuntu politikotik, aldaketa gutxi; batere egon ez dela ez esateagatik. Azkenean, gatazka horretan, gorabehera handiak egoten dira, bai Palestinako barne politikan eta israeldarren eta bai palestinarren arteko harremanean; baina azken urteetan aldaketa gutxi gertau dira. Harresia eraikitzen jarraitzen dute, eta koloniak gero eta gehiago eta gero eta handiagoak dira. Oro har, palestinarren egoera txarrera doala esango nuke.

Hedabideek zabaltzen duten informazioarekin alderatuta, nolakoa da hango errealitatea?

Historia ikasi nuenean, hangokolonizazio eta deskolonizazio prozesuen berri ikasi nuen, eta nire irudimenean ere perspektiba bat eratu nuen; hara iritsitakoan, ez zuen errealitatearekin zerikusirik. Kolonien dimentsioak ikaragarri handiak dira, eta Zisjordanian nola kokatuta dauden ikusteak asko harritu ninduen.

Nolakoa da horrelako gatazka bat duen herrialde batean kazetari aritzea?

Tira... eguneroko jardunean ez da zaila egiten, bizitza normal bat egitea lortzen duzulako. Atzerritarrak izanda, guk ez ditugu palestinarrek pairatzen dituzten traba guztiak jasan behar. Arazo handienak burokratikoak izaten dira. Esaterako, herrialde batetik bestera mugitzeko, Israelgo bisatua izanez gero, ezin zara Siriara edo Libanora sartu. Horrelako alorretan trabak dezente izaten dira.

Urtebetez horrelako gatazka baten barnean bizi izanda, zer ikasi duzu?

Gehienbat, entzuten eta ikusten ikasten duzu. Hasieratik argi eduki behar duzu oso desberdina den gizarte batera zoazela; horrez gain, oso ezagunak ez dituzun bi erlijioren artean bizi zara; entzuten dituzun hainbat ohitura inoiz ere ez zenituzke imajinatuko. Horrelako egoera batean oso garrantzitsua da ikusten eta entzuten jakitea eta ulertzen saiatzea. Pertsonen arteko tratuak ere oso desberdinak dira, eta hara ezin zara joanEuskal Herriko moldearekin.

Gatazka konpontzeko, zureiritziz, zein pauso dira ezinbestekoak?

Lehenik eta behin, esango nuke gatazka horren amaiera ez dudala batere gertu ikusten, zoritxarrez. Oraingoz, ez dut uste inolako miraririk dagoenik. Hala ere, lehenik eta behin, iheslariak bertaratzeko eskubidea errespetatzea izango litzateke funtsezko erabaki bat; hain zuzen ere, Palestinan dago munduko iheslari kopururik handiena. Bestalde, kolonien eta harresiaren eraikuntza gelditzea. Horiek, baina, gatazkaren azaleko gauzak dira, baina gatazka askoz ere sakonagoa da. Idealena nazio biko estatu bat sortzea litzateke, eta denak elkarrekin bizitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.