Harresiaren besarkada

Euskal Herriko txokoak. Artaxoa

Larraitz Amadoz
Artaxoa
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Harriak ematen dio kolorea Artaxoa herriari (Nafarroa). Gaur egun ere, harresiak babesten ditu hango biztanleak. Muino baten gainean zelatan daude bederatzi dorreak, eta handik ikusten den paisaia izugarria da. Soroetako koloreen mantuak apaintzen du ikuspegia. Garia duela gutxi moztu zuten, eta mahatsondo berde ilunak nabarmentzen dira herriaren goiko aldetik. Hala ere, Iruñerritik behera nagusitzen den kolore horixka aldatu egin da azkenaldian. Nafarroako ureztatze ubideak artoa eta eguzki lorea ekarri ditu Artaxoara; lehen, aldiz, mahatsondoak eta garia ziren nagusi.

Lasaitasun eta natura usainak historiaz beteriko hormak inguratzen ditu. Zerkoa -Artaxoan harresiari deitzen zaion bezala- antzinako herriko sarrera da. Aldapan gora joan eta harresia gurutzatu ondoren, San Saturnino eliza dago ezkerraldean. Haren handitasunak liluratu egiten ditu bisitarien begiak.

Herri historikoa

Harresiaren inguruko etxeak harrizkoak dira denak, egurrezko atari eta leihoak dituzte eta arabiar teilek babesten dute goialdea. Xarma berezia dute harresiaren barnean egindako etxeek. Hormen sendotasuna profitatuz Artaxoako bost familia bizi dira han.

San Saturnino eliza dagoen lekua herriko lekurik altuena da. Handik, Izarbeibar harana primeran ikusten da. Urrunean, etengabe bira eta bira dabiltzan errotak agerian gelditzen dira, eta Jerusalemgo Andra Maria basilika ikus daiteke behe aldean.

Harresia alde batera utzi, eta kalean behera, Artaxoa aurrez aurre dago. Aldapa behera doaz kale galtzadarri eta estuak. Ospitale kalea aurkituko dugu lehenik. Garai batean, mojen etxean osasun etxea zegoen, eta hortik datorkio izena Ospitale kaleari. Herriaren erdigunera iristean, udaletxea, plaza eta San Pedro eliza daude elkarren ondoan. Arku zoragarri bat ikus daiteke elizaren alboan, etxe batetik bestera zeharkatuz. Eskailera txikiek harresira igotzeko bidean laguntza ematen dute, aldapa malkartsuari aurre egiteko. Kale nagusiko etxeen dotoreziak atentzioa ematen du.

Artaxoan aztarna historikoak nonahi daude. Kaleetako hormek, armarriek eta jauregiek agerian uzten dute mende luzeetako historia. «Nafarroako erreinutik independente izan omen zen hiru urtez Artaxoa», dio Maria Antonia Berastegi Artaxoako herritarrak.

Ondare arkitektonikoaz gain, herriaren inguruan ere makina bat leku bisita daiteke. Besteak beste, Minako eta Eneritzeko Atako trikuharriak; herrira iritsi baino lehenago daude. Gainera, antzinako bi jendegune ikusteko aukera dago: Dorre eta Farangorteakoa, hain zuzen ere.

Artaxoan ibairik ez dagoen arren, iturri eta harraska ugari daude. Cañoseko harrizko iturria ederra da, eta garai bateko ohiturak gogora ekartzeko, El Techo harraska paregabea ezagutzea izan liteke aukeretako bat.

Dena dela, Artaxoatik gertu, inguruko herrietan ere badago zer ikusia. Besteak beste, Larraga, Barasoain, Tafalla, Orbaibarko eliza erromanikoak eta Andelosko aztarnategia (Mendigorria) aukera apartak dira bisitatzeko.

Jimeno Jurio

Jose Maria Jimeno Jurio Artaxoan jaio zen, 1927an. Historialari eta etnografo ospetsua izan zen. Nafarroa hartu zuen abiapuntu ikerketa ugari egiteko, etaArtaxoan lan handia egin zuen. Erdi Aroko dokumentuen inguruko ikerketaegin zuen, eta herriko euskal toponimia aztertu zuen.

Izan ere, Artaxoan Euskara XIX. mendearen bukaeran galdu zen. Baina oraindik ere inguruan dauden soroen izenak euskaraz dira, eta herriko hainbat lekutan ere euskararen presentzia garbi ikus daiteke. Otsondoa eta txiriturria dira, besteak beste, euskarazko hitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.