Harresiaren zenbakiak

Berlingo Harresia eraikitzen hasi zirela 50 urte beteko dira aste honetan; lubaki izugarria izan zen Europan, 26 urtezUrtea amaitu arte ekitaldi anitz antolatu dituzte Alemanian urteurrenari loturik

Argazki historikoa: Ekialdeko Alemaniako soldadu bat mendebaldera ihes egiten. CS.UTAH.EDU.
xabier martin
Donostia
2011ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Lotsaren harresia esan zioten, ezinikusiarena; herri bat (Alemania) eta, hareago, kontinente oso bat erdibitzen zuen. Finean, XX. mendearen bigarren erdiko nazioarteko politika eta geoestrategiaren ikur nagusia izan zen; Kapitalismoaren eta Komunismoaren bloke nagusiak zatitzen zuen gune geografiko zehatza ere bai: Berlingo harresia.

II. Reicharen porrotaren ostean, II. Mundu Gerraren garaileek, Europa banatzen hasita, Alemanian izan zuten arazorik arantzatsuena. Sobietar Batasunaren eta AEBen arteko harremanak gero eta liskartsuagoak bihurtu ziren; bi blokeen arteko interesek elkar jotzen zuten etengabe. 1961ean jadanik harresia eraikitzen hasi ziren Berlinen, abuztuaren 13an ekin zioten 28 urtez iraungo zuen sinboloa altxatzeari. Alemanian estatu berri bat fundatu zuten.

Geroztik, nazioarteko politikaren partida eta Europarena, zehatz-mehatz, adreilu haien inguruan jokatu zen: harresia izan zen gerra hotzaren jokaleku nagusia. Espioitza haren itzalean egin zen adin nagusiko, makurrago eta zorrotzago.

Aste honetan hamaika ekitaldi daude Berlingo harresiaren inguruan, hura altxatu zutela mende erdia joan dela gogoan hartzeko. Alemaniar askok ez dute behar, ordea, inolako ekitaldirik lotsaren harresi hura oroitzeko, sufrikario galantaren jatorri bihurtu baitzen belaunaldi oso batentzat.

1.400 kilometro

Alemania bien arteko muga 1.400 kilometro luze zen. Basoak erdibitzen zituen, baina baita hiriak ere. Berlinen, harresiak Bernauerstrasse kalea bitan utzi zuen esaterako.

136 hildako

28 urtez iraun zuen zutik Berlingo Harresiak, eta tarte horretan guztian 100.000 hiritar inguru saiatu ziren alde batetik bestera gurutzatzen, ia beti ekialdekoak mendebaldera. Inor gutxik jakingo du zenbat hil ziren benetan kontrolguneak eta hesi elektrifikatuak gurutzatu nahian. Kopuru ofizialak dio 136izan zirela.

251 bihotzeko

Soldaduen tiroengatik ez, baina urduritasunak eta izuak jota ereez ziren gutxi hil. 251 pertsona hil ziren kontrolguneetan zain zeudela, agiriak eskuetan, gehienak bihotzekoak emanda.

302 dorre

Europako bihotza erdibitzen zuen muga zaintzeko dorre ugari eraiki zituzten muga osoan zehar: 302.

155 kilometro

Berlingo Harresia 155 kilometro luze zen; horietatik soilik 43 zihoazen gaur egungo Berlinen barna. Gainontzekoak Mendebaldeko Berlin inguratzen zuen.

Hamalau pasabide

Pertsonak eta merkantziak batetik bestera gurutzatu ahal izateko, hamalau pasabide zabaldu zituzten. Zorrotz baino zorrotzago zaintzen zituzten.

500.000 metro

Bi Berlin banatzen zituen jaberik gabeko lurraldea 500.000 metroko koadrokoa zen.

24 kilometro

Bi Alemaniak banatzen zituen mugaren 24 kilometro ibaiak eta ubideak ziren.

Hamabi kilometro

Berlingo Harresiaren hamabi kilometro betoiz eraiki ziren. Horrez gain, 10.000 kilometro alanbre erabili zituzten.

Lau metro

Batez beste lau metroko altuera zuen harresiak.

193 kale

Guztira 193 kaleri eragin zien harresiaren eraikuntzak. Bernauerstrasse edo malkoen kalea da ezagunena.

11.500 soldadu

Mendebaldeko Berlinen muga zaintzeko, 11.500 soldadu zeuden. 259 zakurren laguntza zuten haiek.

35 zati

Gaur egun, harresiaren 35 zati geratzen dira zutik Berlinen, gehienak goitik behera margoturik eta modu askotara atondurik. Munduan zehar beste asko aurki daitezke. Nafarroan bada bat, A-15 autobidean, Zuastiko bidesariaren parean, Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugatik gertu.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.