Zutabe horizontal hau ez da, azkenaldion dirudienaren aurka, Salvados programaren propagandarako tartea. Kontua da euskaldunok bereziki ukitu gaituzten atalak pasatu dituztela iragan bi igandeetan, Espainia aldean normalean izaten ez den modu batean —Euskal Herritik, euskaldunak hizketan jarriz, zirikatzaile ustean—. Besterik da modu hori zuzen fokatzen den edo ez. Urriaren 16ko atalak, idatzia dago, pott egin zuen. Ostiralean jakin genuen, prest zuen saioa bazter utzi, abioia hartu eta Euskal Herrira zetorrela Jordi Evole. Harri berarekin berriz estropezu egiteko arriskuarekin, beraz, Reiniciando Euskadi ikusi nuen.
Aurrekoan baino zuzenago, herren egin zuten saioa oraingoan ere. Eta ez dut uste hain zaila denik, zerbait orekatuagoa egitea, harrapatu nahi duten gatazkaren irudi osoagoa ematea. Nahi bada bana ditzatela minutuak kanpainan bezala, ordezkaritza politikoaren arabera. Zaila da, badakit, adibidez biktima batzuei nahiz besteei eskaini beharreko tartea neurtzea. Baina ezin dena da ETAk hildakoen biktima bat pantailan jarri eta ondotik beste biolentzia batzuen biktimarik ez jartzea, nahiz eta, berriz diodan, batek zortzi minutu izan eta besteak, nik dakita, bakarra. Ezin dena da ETAren biktima horren ondotik torturaz ere aritzeko eskatzen duen neska espontaneoa ateratzea, oinezko herritarraren irudi trufatua ematea —nahiz kaleko jende anonimoa txukunago hartu duten, orokorrean, aurrekoan baino—.
Ezin dena da, bestela, ETAren akabera gaitzat duen saio batean ezker abertzaleari hitza ez ematea. Gero jakin dugu ezker abertzalea gonbidatu egin zutela, Etxerat, preso ohiren bat, baina guztiek gonbidapena errefusatu zutela, aurkezlearen jarreragatik antza. Baina ezker abertzaleak hor behar zuen. Gainontzekoak bertan zeudelako, besterik ez bada. Basagoiti, Anasagasti, Egiguren. Martxelo Otamendi ez da politikaria, nahiz eta esan zituenak zuzen bezain zorrotzak izan. Eta ezin dena da Euskal Herriari buruzko telebista saio bakoitzean eta guztietan Kepa Junkeraren musika entzutea. Diru laguntzekin bakarrik ez, gure herriari buruzko saioekin ere aberastuko zaigu gizona. Azkenerako, bi atalok ikusi ondoren, saioaren sinesgarritasuna bera da ezbaian geratu zaidana. Eta kezka, Evole Espainiako zein mundu zabaleko erreportajeekin gauza bera ez ote zaigun saltzen ari.
Komunikazioa. Ekografiak
Harri berarekin berriz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu