Eguzkia lotsati dabil uda honetan, baina oraindik ere bizi den seinaleak ematen ditu noizean behin. Zerua goibel egotea, edonola ere, ez da oztopo izaten hondartzara joateko, eta beti ikus daiteke jendea bainu bat hartzen edo ur ertzean pasieran.
Zerua urdindu eta eguzki printzak ageri direnean, jendez betetzen dira hondartzak: aprobetxatu egin behar eguraldi ona. Halakoetan, bata bestearen ondoan jarritako xukadera eta eguzkitakoek betetzen dituzte Kontxako txoko guztiak. Ohikoak izaten dira hareazko gaztelu eta mendiak itsasertzean, baita itsasoko haizeaz gozatuz Alderdi Eder ingurutik Miramar jauregiko magaleraino paseotxoa egiteko aprobetxatzen duen jende uholdea ere; hankak uretan bustita, eramangarriagoa izaten da beroa.
Mota guztietako jendea biltzen da: fardelean hondartzako harea guztia bildu eta etxera eramaten duten haurretatik hasita, eguzkiaren izpi guztiak bereganatzen dituen pertsona heldura arte. Tartean badira uretako kirolen bat egiteko aprobetxatzen dutenak: piraguan ibiltzera joandakoak, Santa Klara uharteraino igerian joaten direnak...
Dena ez dago bere tokian, ordea. Nahiko zalaparta sortu da hondartzen egoera gorabehera: Kontxan, adibidez, eztabaida ugari izan dira uda hasieran, itsas belar mordoa agertu delako. Ane maiz joaten da bertara, Donostiakoen artean hura baitu gustukoena. Algak egoteak ez dio eragozten hondartzara joatea, «nahiz eta ez den oso erosoa». Nolanahi ere, Kontxa nabarmen hobetu dela iritzi dio: «Lehen, nahiko lan izaten nuen bainu bat hartzeko; baina, orain, ura garbi dagoela nabaritzen da».
Donostiako hondartza luzeenaren ur ertzean paseatuz, algak nabaritzen dira, baina gehiago daude gune batzuetan, besteetan baino. Izatez, gainera, La Perla hotelaren aurrean pilatzen da gehien. Gainontzean, ez da ikusten atentzioa ematen duen itsas belar kopuru handirik: garbi ikusten dira ura eta harea.
Luis piraguismoko entrenatzailea da, eta egunero joaten da Kontxara bere taldearekin: «Algek ez digute eragiten, gero dutxak haiez beteta uzten ditugun arren». Ohiko entrenamenduei eutsi diete, «arazorik gabe». Azaldu duenez, hondartza garbitzeko lanek beren fruitua eman dute: «Lehen, itsasertzean pilatzen ziren; baina, orain, askoz gutxiago daude».
Harri arantzatsuak
Kontxan ez ezik, Ondarretan ere asko kexatu dira. Itsas belarrak izan beharrean, harriak dira eztabaidagai. Aspalditik dator arazoa.
Kontxatik hasita, Loretopea zeharkatu, eta Ondarretaraino iritsi ohi da ur ertzeko ibiltarien erromesaldia. Hondartzaren erdialdera iristean nabarmentzen dira harriak. Hainbat metrotako luzera eta zabalera hartzen dituen laukizuzen itxurako eremu batean daude pilaturik; Loretopearen inguruan, berriz, gutxi batzuk soilik ikus daitezke.
Hala ere, jendea ez da kikiltzen, eta arazoari irtenbidea bilatuz, bada aulki tolesgarria harriak dauden lekuan jartzeko aprobetxatzen duenik. Horietako bat da Josu: «Hemen inork ez dit zikintzen xukadera hareaz, eta hondarretan dagoen jende pilaren aldean, lasai nago». Ez da iritzi hori duen bakarra: neska kuadrilla bat ere animatu da xukaderak bertan zabaltzera.
Minik ez hartzeko, txankletekin hartzen dute bainua batzuek; bada uretarako galtzerdi modukoak janzten dituenik ere. Karlosek, adibidez, halakoak darabiltza: «Bainu bat hartu nahi badut, arazorik gabe joaten naiz uretara».
Esaera zaharrak dioen bezala, gustuko lekuan, aldaparik ez.
Harri eta algen gainetik
Eguraldi onarekin jendez betetzen dira hondartzak, baina eztabaida handia piztu da Donostian uda honetan: Kontxan, ohi baino itsas belar gehiago daude, eta Ondarretan, berriz, harriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu