Harriaren atzeko hiria

Iruñeko Alde Zaharreko kaleak oinezkoentzako moldatu aurreko galtzadarriak jarri ditu salgai Entzierroaren Museoak, nahi duenak hiriaren puska bat izateko.

77 eurotan jarri dituzte salgai Iruñeko Alde Zaharreko galtzadarriak. I. ZABALETA / ARP.
Inigo Astiz
Iruñea
2011ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Sinbolo bat da. Harriaren atzean dagoen hiria irudikatzen du, eta, hain zuzen ere, hori da amua. Nostalgia puntu hori. Bigarren zentzu hori gabe ez da gauza handia Iruñeko Entzierroaren Museoan saltzen dutena: Alde Zaharreko galtzadarri bat, auzoa oinezkoentzako moldatu baino lehenagokoa. Harri trinko bat baino ez, ohiko oroigarrien antz handirik gabea; grisa eta astuna, zortzi eta hamabi kilo artekoa. Baina itxura xumeko harri horrek badu beste alde sinboliko hori ere, edo hori uste dute, behintzat, museoko arduradunek. Horregatik jarri dute salgai. «Iruñearen bihotza eta funtsa irudikatzen dute galtzadarri hauek, eta ziur gaude jende askok ere baduela guk dugun sentsazio hori». Harri horiek harri eta hiri diren susmo hori, alegia.

Gabonetarako opari «harrigarri» eta «ederra» izan daiteke galtzadarria Iruñearen tradizio eta ohiturekin maitemindutakoentzako, museoko ordezkarien ustez. Izan ere, hiriak eta, bereziki, sanferminek ematen diote harri pusketariko bakoitzari balio erantsi hori. Gune propio bat ere bazuen lehenagotik galtzadarriak museoan. Udalak entzierroko ibilbidea ixteko erabiltzen dituen zurezko hesien atal batekin partekatzen du espazioa harriak, eta horman irakur daiteke bi elementu horien historia. Gaztelaniaz eta ingelesez. «Mendeak joan eta mendeak etorri, aldatuz joan dira entzierroko protagonistak —zezenak eta korrikalariak—, garatu egin dira festaren elementuak ere; ibilbidea, janzkera... baina harria eta egurra beti egon dira bertan». Hori da museoko kideek harriari ematen dioten garrantzia, eta tradizio puska hori jendearen eskura jarri nahi izan dute.

77 euroren truke jarri dituzte salgai galtzadarriak, eta sinbolikoa da kopuru horren hautaketa ere, arduradunen hitzetan. «Zazpigarren hilabetearen zazpigarren eguna irudikatzen dute: lehen entzierroa, gazteak eta zezenak eta gure San Fermin. Kale beretan ibiliak dira horiek guztiak, eta galtzadarria da, hain zuzen ere, denak batzen dituen elementurik bateratzaile eta erakusgarriena. Hor egon da beti, urteak joan eta urteak etorri. Eta hori da orain nahi duen edonorentzat eskuragarri jartzen dugun harria». Ez da, beraz, fisikoa soilik museoko arduradunentzat galtzadarri bakoitzaren zortzi kiloko pisua. Badu puska sinbolikoa ere.

Mugatutako harri partida bat eskuratu ahal izan dute Entzierroaren Museokoek, eta ziurtagiriarekin saltzen dute harri bakoitza beren egoitzan. Non eskuratutakoa den, eta benetakoa dela ziurtatzen duten beharrezko dokumentuekin. Mercaderes kalean duten egoitzan jarri dituzte salgai, eta prezio berezia egin dute lehen hogei erosleentzat: 57 euro.

Jendeari etxera Iruñea puska bat eramateko aukera ematea da asmoa. Grisa eta astuna, baina baita balio sinboliko handikoa ere, haien ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.