Harria jasotzea kirola baino gehiago dela iritzita, horrek azken mendean izan duen historia eta bilakaera aztertzen dabil Harria taldea. Izen bereko liburua argitaratu dute berriki, eta, horren harira, ikuskizuna taularatuko dute, gaur, Donostian. Harri-jasotzeari eta harri-jasotzaileei omenaldia egingo diete.
Harria liburua aurkeztuko dute, 11:00etan, San Telmo Museoan. Ikuskizuna 12:30etik aurrera egingo dute, Viktoria Eugenia antzokian. Oreka TX eta Amaren Alabak musikariek eginiko doinuekin arituko da dantzan Kukai dantza konpainia. Horrez gain, Aimar Irigoien, Idoia Etxeberria eta Urdax Magunazelai kirolariak hiru harri-jasotzaileren markak ontzen saiatuko dira.
Horren ondoren egiteko, 800 pertsonarentzako bazkaria antolatu dute, 14:30ean, Manteo kiroldegian (Gros). Liburuan agertzen diren kirolariei omenaldia egingo diete, bertsolarien kantuekin eta zuzeneko musikaz lagundurik.
Herri kirolen etorkizunarekin arduratuta dauden sei pertsonak bultzatu dute liburua eta gaurko jaialdia. Bi urte ibili dira ikertzen harri-jasotzearen azken 100 urteko historia. Bizirik dauden 100 harri-jasotzaile zein kirolaren historian garrantzia izan duten harriei omenaldia egin nahi izan diete sustatzaileek.
'HARRIA 100' IKUSKIZUNA
Noiz Gaur, 12:30ean.
Non. Viktoria Eugenian,Donostian.
Harriaren inguruko jaialdia
Musika, dantza, antzerkia eta kirola bateratuko ditu gaur Donostian 'Harria' ikuskizunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu