«Harridura, beldurra, lasaitasuna... bizirik nagoela sentiarazten dit itsasoak»

Natura eta paisaiak dira Isabel Diezen argazkietako ardatza. Elgoibarko Kultur Etxean dagoen erakusketan bere bizitzako bi zaletasunak batu ditu: itsasoa eta argazkilaritza.

Adrian Garcia.
Donostia
2010eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Itsas biologoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da Isabel Diez (Basauri, Bizkaia, 1966). Argazkilaritza eta itsasoarekiko sentitzen duen zaletasuna uztartu, eta bi urtean itsasoari atera dizkion argazkiak Elgoibarko (Gipuzkoa) Kultur Etxean bildu ditu. Urriaren 30era arte egongo dira ikusgai argazkiak. Astelehenetik larunbatera ikus daiteke erakusketa, 19:00etatik 21:00etara.

Zer argazki mota bildu dituzu erakusketan?

23 argazki daude erakusketan. Denak paisaiak dira, eta kostaldearen xehetasunak erakusten dituzte. Iberiar penintsulako iparraldeko kostaldean zehar egin ditut argazkiak, Galiziatik Euskal Herrira.

Zein tokitako argazkiak ikus daitezke?

Galizian, Costa da Morteko ingurua asko gustatzen zait. Asturiasen, Llanesko argazkiak daude. Kantabria gutxiago ezagutzen dut, baina hango zenbait argazki daude. Eta Euskal Herriari buruz, zer esan. Dena oso ederra da. Gipuzkoan, Sakoneta ikaragarri gustatzen zait. Bizkaian, Barrikako ingurua ere oso polita da. Kostalde izugarria dugu.

Zerk bultzatu zaitu itsasoari buruzko argazki erakusketa bat egitera?

Asko maite dut natura. Naturari buruzko argazkiak egiten ditut bakarrik. Nahiz eta glaziarrak eta basamortuak ere gustuko ditudan, itsasoak txikitatik erakarri nau. Argazkilaritzaren munduan murgildu nintzenean, itsasoko argazkiak ateratzen hasi nintzen, oso eroso sentitzen bainaiz itsasotik gertu.

Zer sentimendu sortzen dizkizu itsasoak?

Gauza asko sentiarazten dizkit. Batzuetan, harritu egiten nau; besteetan, beldurra eragiten dit; lasaitu ere egiten nau. Oro har, bizirik nagoela sentiarazten dit.

Nola piztu zitzaizun argazkilaritzarekiko zaletasuna?

Orain dela gutxi arte ez nuen argazkirik ateratzen. Algei buruzko liburu bat egiteko asmoa nuen lanean, eta ez nuen ideiarik argazkilaritzari buruz. Argazki kamera bat eta argazkilaritzari buruzko liburu batzuk erosi nituen, eta ikasiz joan nintzen heinean piztu zitzaidan zaletasuna. Lanean ez dut argazkirik egiten, baina lanaren bidez aurkitu dut argazkilaritza.

Zer adierazi nahi izan duzu argazkietan?

Nire argazkiekin ez dut publikoarengan eragitea bilatzen, niretzat egiten ditut argazkiak. Argazkiak ikustean emozio batzuk eragiten dizkit, baina nire helburua ez da emozio berberak jendarengan piztea. Hala ere, jendeak argazkiek zer edo zer sentiarazi diela esaten didanean, asko pozten naiz. Oro har, erakusketan egon direnak gustura atera dira, eta gauza oso baikorrak esan dizkidate. Adineko pertsonek bizirik sentiarazten dietela esaten didate, bizi asko dutela argazkiek.

Aukera asko ematen al ditu itsasoak argazkietarako?

Joko asko ematen du itsasoak, eta beste paisaiei argazkia ateratzea baino errazagoa da. Adibidez, basoa askoz ere konplexuagoa da, ordena eta sinplifikazio bilatzea zailagoa baita. Kostaldean erraz antzematen da sinplifikazio hori. Uraren faktore dinamikoak plastikotasun handiko irudiak egitea ahalbidetzen du. Kolore ederrak daude, gainera. Esaterako, algek oso kolore politak ematen diete argazkiari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.