Australiatik, AEBetara. Jauzia egin, eta Ingalaterrara. Segidan, Eskandinavia aldera. Eta horrelako batean, Euskal Herrira iritsi da Muturbeltz taldea, zaharrak berritzeko gogoz. Harrobia programaren zortzigarren kontzertua izango da gaur Donostiako Doka kafe antzokian, eta Muturbeltz taldeak Amildegia maite diskoa aurkeztuko du. Bestalde, Norman taldeak ere kontzertua emango du gaur Dokan. Danbaka musika lehiaketan eta Bilbo Hiria pop-rock lehiaketan zeresana eman ondoren, bigarren diskoko abestiak aurkeztuko dituzte; labean dute bigarren diskoa.
Rockaren oinarriei tiraka sortu du Muturbeltz taldeak Amildegia maite diskoa. Inolaz ere ez da berritzailea, baina bai berezia. The Hot Dogs taldea banatu zenean segitzeko beharra sentitu zuen Iñigo Agirrebalzategi gitarra joleak, eta horixe bera sentitu zuen Mikel Larratxe abeslariak Sexty Sexers banda isildu zenean. Eñaut Balentziaga bateriarekin eta Aitor Castillo baxuarekin, talde sendoa osatu dute. Baten musikak eta bestearen hitzek bildu orduko eman dute fruitua: kantuen sinpletasuna, doinu klasikoarekiko maitasuna, eta bizitasuna oinarri. Rockaren ezaugarriak sobera ezagunak dira; topiko hutsak, baina ez hutsalak. Sarrerek bost euro balio dute.
HARROBIA ZUZEN
Noiz. Gaur, 20:30ean.
Non. Doka kafe antzokian, Donostian.
Harrobia Zuzen kontzertuak
Dokan, Donostiako kafe antzokian, Muturbeltz taldeak 'Amildegia maite' izeneko diskoa aurkeztuko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu