Jaiak

Hasi besterik ez dira egin

Maiatzaren bateko zubiaren laguntzarekin, festa giroa osteguna arte iraungo du Andoainen

Adrian Garcia.
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Andoaindarrak (Gipuzkoa) festan murgilduta daude jada. Santakrutzei atzo eman zieten hasiera, eta dena prest da asteburu luzea jai giroan igarotzeko.

Txosnak ireki, eta atzo egin zuten jaietako estreinako poteoa. Kuadrillak ere hasi dira berotze lanak egiten. Gora Kaletxiki txaranga bidelagun zutela, kuadrillen jaitsiera egin zuten Basterotik.

Asteburu luzea dute aurretik andoaindarrek. Maiatzaren bateko zubiaz baliatuz, inguruko herrietatik jende ugari gerturatzea espero dute.

Goizean goiz ekingo diote festari gaur. 09:30ean dultzaineroen dianak iratzarriko ditu herritarrak.

Kantu kalejira eta txalaparta egingo dute eguerdian. Horrenbeste kantu eta dantzak sortutako egarria asetzeko aukera izango da Kilometroak gunean, garagardo festa egingo baitute.

Gaztetxoenek 17:30ean dute hitzordua Zumea plazan. Gurpil gainean duten trebezia erakusteko aukera izango dute bizikleta festan.

Afaltzera etxera joan nahi ez duenak izango du ere indarrak hartu eta tripa betetzeko aukera. Bizikleta festaren ostean sardina jatea egingo dute Zumea kalean. Sardinak baino ohiko pintxoak nahiago dituenak ere izango du horretarako aukera. Txosnetan pintxo potea eskainiko dute. Esku batean edalontzia eta bestean pintxoa, txosnetako oholtzan egingo duten emanaldia ikusi ahalko da.

Peña Santa Krutz elkartearen danborradaren danbor hotsak entzungo dira 10:30ean. Jarraian, 11:00etan, Ingoaldeu eta Gozo-gozo taldeen berbena izango da.

Egitarau zabala prestatu dute, eta osteguna arte jai giroaz gozatu ahal izango da. Bihar sagardo lehiaketa egingo dute Zumea plazan. Jatekoa ere ez da faltako. Talogileen taloek lagunduko diote sagardoari. Umoreari ere tokia egin diote santakrutzetan. Bakarrizketak izango dira Kilometroak gunean, 22:00etan.

Asteazkena haurren eguna izango da. Pregoia irakurri eta jolasak eta puzgarriak izango dituzte. Ostegunean, batukadarekin kalejira egin, eta festak amaituko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.