Hasi da danbor burrunba

Ohi bezala, Konstituzio plazan bandera altxatuta hasi da gauerdian San Sebastian eguna Donostian. Danborrada bereziko konpainiak giroa berotzen aritu dira aurretik.

Gaztelubide Txiki eta Kresala Txiki konpainiek atzo arratsaldean jo zuten. G. GARAIALDE/ ARP.
Ilargi Agirre.
Donostia
2012ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Iritsi da donostiarrek hainbeste desiratutako eguna. Egun handia. San Sebastian eguna. Danbor hotsak izango dira nagusi gaur hiriko kaleetan. Festari ofizialki hasiera atzo gaueko hamabietan eman ziotenKonstituzio plazan, baina arratsaldetik aritu ziren batzuk giroa suspertzen. Haurren danborrada bereziko zenbait konpainia kalera atera ziren.

Gaztelubideko haur danborradak iaz jo zuen estreinakoz, eta esperientzia errepikatu zuten atzo. «Haurrak elkarte gastronomikora hurbil daitezen hasi ginen danborrada antolatzen», zioen Ander Goñi danborradaren arduradunetako batek. Gaztelubide Txiki konpainia, ordea, ez da gainontzekoak bezalakoa; badu bereizgarririk: «Gure haurrak ez doaz militar jantziekin; XX. mende hasierako gaztetxoen arropak daramatzate soinean. Bakarrak gara horretan. Batzuek La casa de la pradera telesailekoak (Belardiko etxea) ematen dutela esaten digute», gaineratu zuen umoretsu. Elkarte gastronomikoan argazki zaharrak aztertzen eta jantziak diseinatzen egin duten lana goraipatu zuen. Hala, mutikoak sukaldari laguntzaile gisa janzten dira, eta neskak, garai hartako soineko eta zapatekin.

Upela jotzen gogotsu ari zenetako bat zen Ana Razkin. Erritmoa ez galtzeko, ez zion begirik kentzen zuzendariari. Lehen aldia zuen atzo, baina konfiantza zuen: «Oso pozik nago. Hamabost entsegu egin ditugu, eta badakit ondo ateratzen ari zaigula», azaldu zuen.

Musika eskolako haurrekin

Eta haurren alboan, familiakoak; hunkituta asko eta asko, argazki kamerekin unea harrapatu nahian. Pedro Sagarzazu biloba ikustera joana zen: «Iruñean bizi dira semearekin, baina danborradarako hona etortzen dira propio. Igande goizetako entseguetara ere ez dute hutsik egin». Sagarzazu berak esperientzia handia du, helduen danborradan 53 aldiz jotakoa baita. «Aurten 54. aldia izango dut». Donostiako Udalaren musika eskolako haurrak arduratu ziren danbor hotsei musika emateaz. Guztira, ia 60 haurrek hartu zuten parte, beraz. «Bi baldintza bete behar dira gure konpainiarekin irteteko. 8 eta 12 urte artean izatea eta elkarte gastronomikokokide diren senideak edukitzea», zioen Goñik.

Gaztelubide Txikikoak ez ziren izan festari lehenago ekin zioten bakarrak. Zuloaga plazatik irten zen Kresala Txiki konpainia, 18: 30 aldera. Plazaren altuera ezberdinetan kokatuta, danborren eta upelen arteko elkarrizketa gisako batekin eman zioten hasiera danborradari. Bi zaldunek irekitzen zuten desfilea, eta kaleetatik barrena galdu zen, ondoren, orduantxe hasitako euri zaparradari jaramon handirik egin gabe. «1983an irten zen Los Angeles ikastetxea lehen aldiz danborradan. 1993an ikastetxea itxi, eta guk hartu genien lekukoa hurrengoa urtean», esan zuen Iñigo Basagoiti arduradunak. Gaur eskoletako konpainiek hartuko dute hiria goizean. 52 elkartetan banatuta, 45 ikastetxetako 4.096 haur aterako dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.