Hatzei eragin eta eragin

Bruselako 24 Orduetan lehiatuko dira Pamplonica-Iruñaslot taldeko kideak larunbatetik igandera; euren auto txikia aurrean ikusi nahi dute Scalextric pista erraldoian.

xabier martin
2010eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Le Mansekoak ez, baina Bruselakoak dira 24 ordu hauek. Auto handientzat ez, baina txikientzat, miniaturentzat. Gainontzean, parekotasunak bistakoak dira: 24 orduan segidan motor lehian, matxura mekanikoak, pneumatikoen higadura, estrategia, mekanikaren teknologia, erregaia neurtzea eta pilotuen nekea; hatzei eragiten bolantearekin baino gutxiago nekatzen da, hori bai. «Automobilismoa gustuko dugu denak; horregatik gaude Iruñaslot elkartean», dio Miguel Angel Salvatierrak (Iruñea, 1970).

Elkarteko sei lagun Bruselara doaz gaur. Larunbatean Bruselako 24 Orduak jokatuko dira, scalextric ataleko munduko txapelketako proba. Iruñeko elkarteko pilotuak azken sei urteotan lehiatu dira han, eta aurten ere nor baino nor gehiago ariko dira. «Hemen dena pentsatu beharra dago: estrategia, mekanika, pneumatikoen erabilera... Benetako automobilismoa bezalakoa da, baina txikian». Pilotuak erreleboka ariko dira scalextric ataleko proba luzeenean. Larunbatean 12:00etan hasi eta hurrengo eguneko 12:00etan bukatuko da.

«Bihar ezagutuko dugu zirkuitua. Oso garrantzitsua da hari neurria hartzea, horren arabera erabakiko baitugu gure estrategia. Entrenamenduak ongi baliatzea ezinbestekoa izango da, biharamunean txukun ibili nahi badugu». Bistan da: benetako automobilismoaren traza daukate scalextric proba hauek. «Guk ez dugu dirurik benetako automobilismoan aritzeko, baina honen bidez amets bat betetzen dugu», dio Salvatierrak.

Scalextric pista ikusgarria, prest

Bruselako 24 Orduetan 24 auto/talde aritzen dira, eta auto txiki horiek denak zirkuituan sar daitezen zortzi pistako hiru zirkuitu lotzen dituzte. «Ikusteko modukoa izaten da. Hor barruan mugitzen jakin behar da». Batzuk besteak baino pilotu hobeak dira, baina arautegiak taldekide denak pilotatzera behartzen ditu; «gutxienez hiru ordu egon behar dugu denak pilotatzen». Gainera, mekanikari lanak ere egin behar dituzte. Hori dela eta, pilotu-mekanikari onak behar dute guztiak.

«Hamaikagarren postuan bukatu genuen behin; hori da lortu dugun emaitzarik onena. Aurten postu hori hobetzeko erronka daukagu, lehen hamarren artean sartu nahi dugu». Miguel Angel Salvatierrak badaki batzuek freaky-tzat jotzen dituztela adin nagusikoak izanda scalextriarekin buru-belarri dabiltzalako, baina zaletasun hori «oso serioa eta oso errespetagarria» dela dio, orduak eskatzen dituela «gauzak ondo egin ahal izateko».

Igande gauean etxean izango dira berriro Iruñaslotekoak, «postu on batekin, espero dezagun». Bruselakoa izango dute Europako txapelketan parte hartuko duten proba bakarra. Badira beste batzuk, baina muga ekonomikoak dituztela ez dute ezkutatzen. Bien bitartean, motorra berotzen ari dira jadanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.