Hatzen abilezia jokoan

Fingerboard-arekin jolastu daiteke egunotan Bilboko Alondigan; atzamarrekin maneiatzen diren skateboard taulen miniaturako erreplikekin, akrobaziak eginez.

Bilboko Alhondigan jarritako miniaturazko skate pistetako batean jolasten. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2010eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Miniaturako skateboard taulen salto eta akrobaziak egin daitezke Alondigan. Gure artean oraindik oso hedatua ez dagoen skate modalitate horretaz gozatzeko sei pista prestatu dituzte egunotarako; gazteentzat, bereziki.

«Tamaina txikiko kiroltzat» jo du fingerboard-a Joel Buyek, ekimenaren antolatzaile eta Fingerpark taldeko kideak. Izan ere, parkeetako skate pisten oso antzekoak dira Alondigan jarri dituztenak. Ezberdintasun nabari bat dute: eskala askoz ere txikiagoan eginak dira, skateboard taula txikiekin jolasteko prestatuak. Taulek 10 zentimetro dituzte, eta atzamarrekin abilezia handiz maneiatzen dira; hatz erakusle eta luzearekin, hain zuzen. Modu horretan, ezin hobeto imitatzen dira ohiko skatearen mugimenduak.

Fingerboardaren fisika eta skateboardarena bera da funtsean, eta, Joel Buyek azaldu duenez, akrobazia antzekoak egin daitezke bietan: «Aktibitate honen bitartez, atzamarren abilezia eta eskuen sentsibilitatea lantzen dira gehienbat. Ideia hori da, hain zuzen ere, gure lanaren oinarri: free your fingers da erabiltzen dugun leloa, hau da, aska itzazu zure atzamarrak». Buyek garrantzi berezia ematen dio eskuen abilezia lantzeari. «Gaur egun gazteenen atzamarrak makinei loturik daude une oro. Eskuak askatzeko eskujoko antzeko bat da fingerboarda». Sinkronizazioa eta kontzentrazioa lantzeko ere erabilgarria dela dio Buyek.

Jokoa ezagutaraztera Euskal Herrira etorri diren hirugarren aldia da oraingoa, eta lau egunerako prestatu dute Alondigako ataria. Astelehenean eta asteartean izan zen lehenengo txanda, eta bigarrena ere prestatu dute, urtarrilaren 3 eta 4rako. Txapelketa bat antolatzeko asmoa ere badute, eta irabazleari 300 euro balio duen materiala emango diote saritzat.

Pistak irekitzearekin batera, gazte asko bildu zen lehenengo bi egunetan skate txikiekin jolastera. Denetariko abilezia zuten fingerparkean elkartutakoek. Gutxi batzuk trakets aritu ziren, baina baziren jauziak egiteko gai zirenak, skate taula airean hainbat aldiz biraraziz. Izan ere, batzuentzat berria bada ere, gehienek aurretik ezagutzen zuten jokoa. Gazteetako batek zioenez, lehen aldiz zuen benetako pista batzuetan aritzeko aukera. «Normalean, kalean jolasten gara, espaloiak edo eserlekuak skatearen oztopo moduan erabiliz».

Harremanak lantzeko tresna

Alondigan sei fingerpark jarri dituzte, bost egurrezkoak eta seigarrena metalezkoa. Buyek azaldu duenez, jokoa zabaltzeko lanean ari dira: «Egokiena, parke edo plazetan halako pistak jartzea izango litzateke, edonorentzat eskuragarri egon daitezen». Horretarako, material egokiena metala dela gaineratu du.

Izan ere, garrantzi handia ematen dio Buyek fingerboardak sortzen duen fenomeno sozialari: «Leku batzuetan jarriak dira pista txiki hauek; Gironan, kasu [Herrialde Katalanak]. Eta gazteek beren arteko harremanak lantzeko egokiak direla frogatu da; lagun taldeak jolasteko biltzen dira». Hori da fingerpark taldearen erronka: jokoa ezagutaraztea, eta kalean praktikatzeko bitartekoak eskaintzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.