Ima Montoya. Margolaria

«Hau maratoia da: hamar urte barru hasiko naiz interesgarria izaten»

Bilbora itzuli da, baina ez da geratuko. Europan eta Asian hiriz hiri bizi ondoren, lehen aldiz jarri du bere lana etxean ikusgai. Ikasitakoa erakusten du: kanpoan konturatu da zein exotikoa den.

Bilbo atzo arratsaldean, Montoyaren koadroa. Azpian, artista. IMA MONTOYA.
Edu Lartzanguren.
2011ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Margolari ibiltaria da Ima Montoya (Erandio, Bizkaia, 1963). Mosku, Londres, Tokio eta Bruselasen bizi ondoren, Budapesten ari da lanean azken boladan. Izen egokia jarri dio erakusketari: De paso. Bilbon egiten duen lehena da. Atzo zabaldu zuten, Bizkaiko Abokatuen Bazkunean (Uribitarte, 3). Urriaren 19a arte egongo da ikusgai.

Bilbon Arte Ederrak ikasi ondoren, txapela buruan jarri, eta munduan ibili zara. Erakusketa honetako lanak oroigarriak dira?

Nahi izan dudana ekarri dut, azken batean, etxean ari naizelako erakusten. Beraz, gozatu nahi izan dut, eta aspaldi egin nahi nuena gauzatu. Ez da ezer instituzionalik, eta ez dut itxurarik egin behar izan. De paso da, mugitzen den jendea erretratatu nahi izan baitut. Etxean egoteko erakusketa da.

Nola liteke, hainbeste herrialdetan ibili eta erakutsi ondoren, Euskal Herrian zure lanak inoiz eskegi ez izana?

Artearen cowboy bat izan naiz. Bilbon bizi nintzenean, denetatik egiten nuen, baina profesional gisa eta serio margotzen Japonian hasi nintzen. Londresen bost urte pasatu genituen, eta Moskun, hiru. Budapesten bi urte daramat, eta han jarraituko dut semeak unibertsitatean hasi arte. Gero, auskalo: mugitzen jarraitzeko asmoa dut. Bilbora ez dut itzuli nahi oraindik; itzuliz gero, geratzeko bailitzateke.

Bizimodu bidaiariak zure margogintzan eragin du?

Bilbon geundenean denok antzera margotzen genuela gogoratzen dut. Kanpora ateratzen zarenean, bakartuta zaude, plastika aldetik, eta, azkenean, ez duzu besteek egiten dutena egiten. Japonian marra deskubritu nuen. Errusian, ikonogintza ikasi nuen monje batekin. Kanpoan, gainera, zeure jatorria aurkitzen duzu berriz, eta hori oso interesgarria da. Hemen oso normala iruditzen zaizu dena, baina kanpoan konturatzen zara oso exotikoa zarela.

Zure koadroetan ere, hiriak, jendea, garraiobideak....

Moskuko artista batzuek metroaren inguruko erakusketa bat egitea proposatu zidaten. Moskuko eta Madrilgo metroa egin nahi zuten. «Madrilgoa, zergatik?» esan nien, «nik Bilbokoa egingo dut, hori ezagutzen dudalako». Bai, mugitzea da nire gaia, eta hiria. Ni mendian utziz gero, sekulako itolarria sentitzen dut. Kea, tabernak, jendea eta miseria ikusi behar ditut inguruan.

Lekuak bezala, une iragankorrak. Koadroetako batean Bilbo atzo arratsaldean margotu duzu.

Herrimin handia ematen dit Bilbo atzo arratsaldean irudi horrek. Moskuko erakusketan izan zen. Zer edo zer gertatzear dagoela agintzen duten uneak margotzen ditut. Gauza bat argi daukat: jendeari ez zaio asko axola artea. Baina gai bazara norbait segundu batez koadroaren aurrean geldiarazteko, eta gero zerbait gertatzen bada, nahikoa da hori.

Zu ez zara geldituko, ordea.

Lasai ibili naiz erakusketa honetan. Normalean astakilo samarra naiz. Ez dut zirriborrorik egiten, zuzenean kolpatzen dut. Japonian sumo kirolarekin liluratuta negoen, eta margotu egiten nuen. Gizonen kontua da hori han. Losintxa gisa bota zidan sumolari batek: «Gizon batek bezala margotzen duzu». «Txiki samarra naizen arren», erantzun egin nion.

Soilik margoa lantzea ez al da oso mugatua gaur artista batentzat?

Artisaua naiz, azkazalak beti zikinak dituen horietako bat. Horrela lan eginda, pertsona hobea naiz. Hau maratoia da: hamar urte barru hasiko naiz interesgarria izaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.