Sanferminak

Haur eta gazteen programazio zabalagoa aurtengo sanferminetan

Su festez arduratuko diren piroteknia etxeetan emakumeak ere badirela nabarmendu du Iruñeko Udalak. Egitaraua kolektiboekin batera prestatu dute, eta herri eragileek kudeatutako guneak izanen dira.

Nerabeei zuzenduako gunea, iazko sanferminetan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iker Tubia.
2018ko ekainaren 20a
13:59
Entzun

Gaur goizean aurkeztu du Iruñeko Udalak aurtengo sanferminetako egitaraua. Iaz baino ekitaldi gehiago antolatu dituzte, eta aurrekontuak ere gora egin du. 425 ekitaldi inguru izan ziren 2017an, eta 490 inguru izanen dira aurten. Horretarako, aurrekontua %6 igo da: sanferminek 1,36 milioi euroko kostua izanen dute. Ekitaldien gorakadak haur eta gazteen programazioan izanen du eragina, adin tarte horiei bideratutako egitasmo kopurua handitu baita. Aurten Media Luna parkean Kirol Ari gunea antolatu du estreinakoz udalak, haurrendako kirol eskaintzarekin. Gainera, Foruen plazako gazteen gunean ekitaldi gehiago izanen dira. Menudas Fiestas eta Birjolastu guneek osatuko dute publiko horri bideraturiko eskaintza.

Egitaraua egiteko lanean 58 kolektibok parte hartu dute aurten. Haietarik 36 zuzenean aritzen dira egitaraua antolatzen, sanferminetako mahaiko kide baitira. Beste urte batzuetan bezala, herri eragileek hainbat gune kudeatuko dituzte. "Azken urteetan sanferminetako bereizgarri bat da bestaren autogestioa bultzatzea, baita herri eta auzo eragileen parte hartzea ere", azaldu du udalak. Antoniuttin, Basotxoan, Takoneran, O plazan eta Errekoleten plazan egonen dira gune horiek.

Musika eskaintza zabala ere izanen da aurten. Foruen plazako egitaraua aldez aurretik argitaratu bazen ere, gaur jakinarazi dute gainerako agertokietan nor ariko den. Gazteluko plazan Oihan Vega eta Akerbeltz taldea ariko dira, lehenbiziko eta azkenengo egunetan, hurrenez hurren. Compañia plazan jazz eskaintza izanen da eta Gurutzeko plazan orkestrak. Sarasate pasealekuan euskal kultur eskaintza izanen da egunero 19:00etan. Hiru bertso saio izanen dira guztira: uztailaren 9an saio nagusia, Eneko Lazkoz, Amets Arzallus, Xabi Paia eta Miren Amurizarekin; uztailaren 12an Ez da kasualitatea saioa eskainiko dute Alazne Untxalok, Alaia Martinek, Miren Artetxek eta Saioa Alkaizak; eta uztailaren 10ean Potx eta Lotx herriko festetan bertso, musika, magia eta antzerki ikuskizuna eskainiko dute haurrendako. Uztailaren 7an Txirinbolo pailazo ikuskizuna izanen da eta uztailaren 14an Zirika Zirkus konpainiaren Egunon sikiera emankizuna. Euskal dantzak ere bertan izanen dira: Lizarrako (Nafarroa) Ibai Ega uztailaren 8an, Iruñeko Oberena uztailaren 11n eta Berako (Nafarroa) Gure Txokoa uztailaren 13an.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.