BIHAR BERRIA-N

Haur 'influencer'-en irudia nola babestu

Gero eta haur ‘influencer’ gehiago daude, eta, edukia Interneten dagoenez, posible da adingabeen irudi eskubideak urratzea. Frantziako Senatuak haur horien eskubideak babesteko lege proiektu bat onartu du. BERRIAk gai horri buruzko erreportaje bat kaleratuko du bihar.

RYAN TOY.
Uxue Gutierrez Lorenzo
2020ko irailaren 18a
13:01
Entzun

Marrazki bizidunak, jostailuak edota bideo jokoak izaten dituzte hizpide haur influencer-ek, edota, bestela, abesten eta dantzatzen agertzen diren bideoak igotzen dituzte sare sozialetara. Eduki horiek libreki mugitzen dira sarean, oso azkar, gainera, eta gazte horien irudi eskubideak urratzeko modu asko daude. Posible da nahi ez duten norbaitek irudi horiek eskuratzea, edota edukia bestelako asmo eta testuingurutan erabiltzea, irudian ageri denaren baimenik gabe. Era berean, batzuetan sare sozialetako kontuak ez dituzte haurrek propio sortu eta kudeatzen, gurasoen menpe baitaude. Kasu horietan, oso zaila izaten da zehaztea noiz ari diren gurasoak haurraren irudia beraien probetxurako erabiltzen. BERRIA-k haur influencer-en eskubideak izango ditu hizpide bihar; izan ere, Frantziako Senatuak gazte horien eskubideak babesteko lege proiektu bat aurkeztu du; hain justu, 16 urtetik beherako gazteen irudien «ustiapen komertziala» arautu nahi dute, garapen fasean dauden adin txikikoen intimitatea eta ohorea babestu asmoz.

Horrelako egoerak kudeatzeko dauden zailtasunak eta lege oinarriak zeintzuk diren azalduko dute Jesus Soler eta Ana Isabel Perez abokatuek. Perezek Interneten erabilera seguruaren inguruko formakuntza falta nabarmendu du, eta Solerek muga bat ikusten dio legezko kudeaketari: tokian tokiko justizia sistema ezberdina dela, eta oso zaila dela globala den espazio teknologiko erabat segurua bermatzea. Iban Garcia influencer gazteak, berriz, bere esperientzia propioa nolakoa izan den azalduko du.

Haur influencer-en eskubideez gain, bestelako gaiak ere landuko dira biharko Bizigiro sailean. Gau Beltzaren inguruko erreportaje bat ere egongo da; izan ere, Euskaltzaleen Topaguneak naturari eta euskarari lotuago dagoen ospakizuna sustatu nahi du.

Zinema estreinaldiei dagokienez,  Greenland filmaren nondik norakoak azalduko dira. Telesailen atalean, Ridley Scotten zientzia fikziozko Raised by Wolves aurkeztuko du Mikel Yarzak.

Errezeta berri bat ere aurkeztuko du Iker Markinez sukaldariak: barazki eta gazta entsalada epela. Jatekoarekin batera, Galiziako Ribeira Sacra eskualdeko ardoei buruz jardungo da Roberto Sarriugarte kritikaria. Dominio do Bibei upategia izango du mintzagai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.