Zurriolako pasealekutik pasatzean, jendeak jakin-minez begiratzen zuen atzo Kursaaleko kubo txikiaren atzeko txokora. Umeak ari ziren bertaratzen gutxika, gurasoek lagunduta. Erdi galduta zebiltzan asko, gorriz eta urdinez jantzita zeuden gizonei eskrima ikastaroak eurek emango zituzten galdezka. 17:30ean hasi ziren, iragarrita zegoen bezala.
Irakasleek dena prestatu bitartean, urduri zeuden haurrak, hasteko gogoz. Eskua gerrian jarri, eta eskriman ariko balira bezala mugitzen ziren batzuk, gero zer egingo zuten jakitun, antza.
Bi mutilek erakustaldia egin zuten aurrena, irakasleak azalpenak ematen zituen bitartean. Adi begiratzen zuten haurrek, haien txanda baitzen gero. Ilara luze bat egin zuten, eta txanda bakoitzean bi bikote sartzen ziren. Jantzi zuria eta kaskoa soinean jarri, eta gustura aritu ziren bikoteak, garai bateko zaldunak balira bezala ezpatak mugitzen. Eta bost minutu pasatzean, hurrengo bikoteak.
Ezpatekin ibiltzeko gogorik ez zutenak, berriz, Kursaaleko terrazan bildu ziren. Munduko arkitektura tailerra egiten ari dira han aste osoan, 18:00etan, eta Europako arkitekturaren txanda zen atzo. Lurrean eseri, eta adi-adi entzun zituzten haurrek Greziako Atenea tenpluari buruz antolatzaileek emandako azalpenak. Izan ere, eurek eraiki behar zuten gero kartoizko Atenea. Plastikoekin arropak babestu, pintzelak hartu, eta zuriz margotu zituzten eraikina egiteko erabili behar zituzten kartoiak.
Hori nahikoa ez, eta neurri handiagoko Atenea bat ere eraiki zuten ondoren haurrek. Kartoizko tutu bat gorputzaren bueltan jarri, eta eurak bihurtu ziren tenpluaren zutabeak.
Eskaintza zabala haurrentzat
Atzokoa, ordea, ez zen salbuespena izan. Aste Nagusian, haurrek egunero dute jaiaz gozatzeko aukera, egitarauan haientzat ere egin baitute txoko txiki bat. Gaur arratsaldean, esaterako, Hipo eta Tomax pailazoek Papo Pupa ikuskizuna emango dute Konstituzio plazan, 17:30ean. Ordubeteko emanaldia izango da, umorea, jolasak, magia eta kantak tartekatzen dituena. Aukera polita haurrek eta gurasoek elkarrekin gozatzeko.
Bihar, berriz, bizikleta festa egingo dute haurrek 17:30ean, aurreko urteetan bezala. Arropa egokia eta kaskoa jantzita, 5 urtetik 10 urtera bitarteko 500 haur inguru aterako dira Bulebarretik, euren bizikleta hartuta. Ilusioak eta gurasoen oihuek lagunduta, 300 metroko ibilbidea egingo dute, hamar neska-mutilez osatutako taldeetan. Ostiralerako, bestalde, Faunolandia joko gunea antolatu dute Jose Maria Sert plazan, 17:30ean. Naturarekin lotuta, formatu handiko 30 joko baino gehiago izango dira, txikienen gozagarri.
Aerobika egiteko aukera ere izango da, Easo plazan, gorputza musikaren erritmora mugituz, gaur eta ostiralean, 17:30ean. Eta atzo eskriman aritu ez zirenak bihar izango dute berriro aukera, Zurriola pasealekuan, 17:30ean. Jaiak amaitzeko, berriz, larunbatean aurpegiak margotzen, mozorroak egiten eta txalaparta jotzen ikasiko dute haurrek Zuloaga plazan, 11:00etan.
Bestalde, Zuloaga plazan egunero daude puzgarriak eta ludoteka, 11:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 20:00etara. Aukera polita umeek gaua baino lehen energia guztia xahutzeko. Eta, energia xahutu ordez zerbait ikasi nahi duenarentzat, Munduko arkitektura tailerra ere egunero dago Kursaaleko Zurriola terrazan. Egun bakoitzean munduko leku bateko arkitektura dute hizpide. Gaur, Artikokoa aztertuko dute, eta bihar, Afrikakoa.
Donostiako Aste Nagusia
Haurrak ere, jaian murgilduta
Aste Nagusian egunero antolatu dituzte haurrentzako ekintzak; Hipo eta Tomax pailazoen ikuskizuna izango dute gaurMunduko arkitekturaz jakiteko nahiz eskriman aritzeko aukera dute tartean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu