Gaur egungo gerretan biktimen %90 zibilak izaten dira, eta horien erdiak haurrak. Ume horientzat zaila da bizi izandako esperientzia gordinak ezabatzea, eta arrastoa geratzen zaie gerora. Gatazka armatuek haurrei nola eragiten dieten azaltzeko, Hegan egitea debekatua: haurtzaroa eta gatazka armatuak erakusketa ireki dute, Gernikako Bakearen Museoan. Mundu osoko argazkilari ezagunek ateratako irudi lazgarriek gogoetarako eta salaketarako bide izan nahi dute. Bakearen Nazioarteko Eguna da gaur, eta, erakusketaz gain, hainbat ekitaldi antolatu dituzte.
«Haurrek gatazken ondorioz zenbateraino sufritzen duten ikusten da», azaldu du Iratxe Momotiok, Gernikako Bakearen Museoko zuzendariak. Save the Children gobernuz kanpoko erakundearena da erakusketa, eta iaz Donostian egon zen. Ospe handiko hamasei argazkilariren 36 irudiz osatuta dago, zazpi ataletan banatuta. Besteak beste, Gervasio Sanchez —2009ko Argazki Sari Nazionala eman zioten—, Corinne Dufka, Kim Manresa eta Jose Luis de la Cuestaren begietatik mundu osoko gatazkak ezagutuko ditu bisitariak.
Gerran dauden gizarteetan haurrei nola irakasten zaien gorrotatzen eta borrokarako prest egoten ikusten da erakusketaren hasieran. Haur soldaduei erreparatzen die bigarren atalak, Momotiok azaldu duenez. Hamabost urteko gaztetxoek garagardorik edan, gidatu eta bozkatu ezin duten arren,nazioarteko legediak fusilak hartu eta gerran parte hartzea baimentzen die. Biktimetan jartzen du arreta hirugarren zatiak. Gerran zendutako haur gehienak ez dira bonba batek jota hiltzen, gosez baizik. Gosea ongi diseinatutako estrategia militarraren parte da.
«Pertsonen aurkako minak ere aztertzen dira». Gaur egun, 110 milioi mina daude oraindik erasorako prest. Batzuek hiru euro baino ez dute balio; indargabetzea, ordea, 250 eta 800 euro artean kostatzen da, eta oso arriskutsua da. Haur errefuxiatu eta desplazatuak, eta hondatutako haurtzaroak ere gogorarazten dira.
Baikortasun puntu batekin amaitzen da bisita. «Frogatzen da posible dela gerraren ondorioz traumatizatuta geratutako haurrei bakea zer den irakastea». Bat aukeratzekotan Palestinako argazki bat hautatu du zuzendariak. «Soldadua ikusten da metrailetarekin kaletik, eta 2 edo 3 urteko haur batek izututa begiratzen dio izkina batetik». Argazkiek ez ezik, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztutako bi filmek osatzen dute erakusketa.
Sarrera eta bisita gidatua, doan
Gainontzeko egunetan ez bezala, sarrera dohainik izango da gaur museoan, eta bisita gidatua antolatu dute banakoentzat, 12:30ean.
Horrez gain, arratsaldean La teta asustada filma emango dute, herriko Lizeo antzokian, 20:30ean, Gernikako Zine Klub elkartearekin eta udalarekin elkarlanean. «Izen bereko sindromea duen Peruko emakume baten istorioa kontatzen du filmak». Gaixotasun bitxia da oso. Amak sentitutako ikara eta sufrimendua seme-alabei pasatzen zaie, titia eman eta esnearen bidez. Protagonistaren ama Perun gatazka armatua egon zenean, 1980 eta 1992 artean, bortxatu egin zuten. Claudia Llosak zuzendutako lana atzerriko film onenaren Oscarretarako izendatu zuten. Erakusketa martxoaren 17ra arte egongo da ikusgai.
Haurrak gerren esklabo
Bakearen Nazioarteko Eguna da gaur, eta, horren harira, 'Hegan egitea debekatua: haurtzaroa eta gatazka armatuak' erakusketa ireki dute Gernikako Bakearen Museoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu