Gaur ireki dute Txikigunea Bilboko Casilda Iturrizar parkean, eta ume pila bat bildu da hasieratik. Hala igarri dute bertaratu direnek: zenbait gurasok adierazi dutenez, «aurreko urteetan baino ilara luzeagoak daude aurten». Bilboko Aste Nagusiko azken egunera arte egongo da irekita jolasgunea; guztira, 33 ekintza baino gehiago egiteko aukera dute umeek, garapen jasangarriari lotutakoak: hala nola ipuin tailerrak, bizikleta zirkuitua, antzerki emanaldiak eta, nola ez, beste Gargantua bat, bigarrena –tradizionala Areatzako plazan dago–.
Ilaran itxaron beharrak, baina, ez du umeen jolasteko gogoak apaldu, handitu baizik. Gurasoak zain dauden bitartean, umeek programatik kanpoko jolasak asmatzeari ekin diote euren burua entretenitzeko: uretako puzgarrien ondoko putzuetan salto egin, parkean zehar dauden lorategietako harriak bildu, edota kaleko saltzaileen postuetan tatuaje iraungaitzak egin.
Giroa alaia da oso, eta badirudi aitona-amonek haurrek baino gehiago gozatzen dutela: «Ikusi ze polita den hori!». Eta umeek nora begiratu jakin ez; hurrengoan nora igo besterik ez baitute buruan: «Ama, barkutxoetara joango gara orain?». Gelditu ezinean dabiltzala, Casilda eta Bastida pertsonaiak ere ikusi dituzte haurrek, parkean paseatzen baitabiltza, eta haiekin hitz egitera ere ausartu dira batzuk. Hain zuzen ere, Ricardo Bastida arkitektoak eraiki zuen Casilda Iturrizar parkea Casilda Iturrizarrek lagatako lurretan, orain dela ehun urte baino gehiago.
Txikigunea abuztuaren 28ra arte egongo da irekita, 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara.