Aitziber Garmendia

«Hautaketa etengabea da bizitza»

Gaztetxoa zela hasi zen Aitziber Garmendia antzerki eskolan, eta geroztik hainbat lekutan ikusi dugu antzezle, aurkezle nahiz aktore moduan.

Amaia Agirre Arrastoa.
2010eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Zaldibian jaio eta Gipuzkoako hiriburuan bizi den neska honek oraintsu bete ditu hogeita zortzi urte. Hamahiru urtez geroztik antzerkian hainbat lan egindakoa da; telebistan eta zineman ere haren ile horia ez da arrotza.

Zaldibia txikiegi geratu zitzaizulako joan al zinen Donostiara?

Erosotasunagatik joan nintzen gehienbat, bertan lan egin eta ikasten nuen, eta eguneroko joan-etorria nekagarria egiten zitzaidan.

Zure gaztetxo aurpegia ezkutatzeko aldatu al duzu ile kolorea?

Nola jakin duzu? Kar-kar-kar. Lortu al dut?

Umetan bertso eskolan ibilitakoa zara. Bertsotan hobea bazina, ez al zinateke hain antzezle ona izango?

Bietan ona ere izan nintekeen, ezta? Txarra naiz gidatzen, matematikan, futbolean, esku pilotan, informatikan... Bertsotan eta antzezle lanetan ona izatea ondo merezia izango nuke, baina ezin da, nonbait! Kar-kar.

Antzeztu zenuen lehen obra Dario Foren Hitz egin dezagun sexuaz izan zen. Emakumeak izarapean ere egin zenuen. Eta datorren hilean Baginaren bakarrizketak antzezlana estreinatuko duzue.

Bai, neska, beti narraxkerian! Lehenengo Hitz egin dezagun sexuaz lanarekin hasi nintzen etxeko eta ingurukoak aztoratzen, Hamahiru urterekin zenbat ikasi nuen inork ez daki! Emakumeak izarapean dudarik gabe nire lanik kuttunena izan da, nire pieza fetitxea. Eta Baginaren bakarrizketak, berriz, ilusio handiarekin hartu dudan proiektu berria da.

Zure ahots finak sentsualago egiten zaituela uste al duzu?

Sentsuala? Nahi nuke! Hamabost urte nitueneko ahots bera dut, ez ote naiz sekula emakumetuko? Kar-kar.

Ipupomamua ondo eta azkar ahoskatzen zenbatgarren aldian asmatu zenuen?

Esango dizut lortzen dudanean!

'Sukalde kontuak' filmean parte hartu zenuen. Nor gonbidatuko zenuke zure etxera, eta zer platerekin liluratuko zenuke?

Jesus... gose ederrak pasatzekoa da nire etxera datorrena! Aldrebes xamarra naiz sukaldean, baina geroz eta gehiago saiatzen naiz. Ahalko banu amarenak bezalako babarrunak eta amonarenak bezalako kroketak egingo nituzke; lortzen badut, guztiak gonbidatuko zaituztet!

Donostian zehar ibiltzeko ez al da bizikleta handiegia zuretzat?

Ene! Gorriak eta bi ikusi ditut grabaketetan bizikleta horrekin. Faktore gehiegitxo nituen kontran: bizikleta handia, ni txikia, abilidadea faltan eta torpezia soberan!

Antzerkia, zinema eta telebista; non jasotzen da esker hobea? Zerk asebetetzen zaitu gehiena?

Gustatu den lana bada, edozeinetan jasotzen da esker on hori; hala ere, antzerkian bat-batekoa edo momentukoa izaten da. Nik hiruretan asko gozatzen dut, aukera bat egitekotan, antzerkiak sortzen didan zirrara, telebistak ematen duen «egonkortasuna» eta zinemaren magia batuko nituzke.

Euskal Herriko gaztetxo askorentzat Maider zara oraindik ere.

Oraindik bai? Zuk uste? Jende askok pertsonaia horrekin ezagutu nau lehenengo aldiz. Zazpi urte pasatu ditut Maider izaten!

Antzezlan bat behin eta berriz egitea ez al da neketsua?

Hau bertsolari baten galdera da!! Kar-kar-kar. Ez da batere neketsua, beti ateratzen diozu zerbait berria, eta hasi aurreko minutu horietan beti sentitzen da hain gozagarri eta hain gorrotagarri den itolarri ulertezin hori.

Bost minutuko txalo zaparradak zer eragiten du barruan?

Poza, eromena, emozioa, oroitzapenak... hainbeste sentsazio! Momentu horretan zalantza arrazional guztiek ihes egiten dute, eta pentsatzen dut: «Hauxe da nik nahi dudana».

Zuen lan bat euskaratik gaztelaniara itzuli zutenean bikoizketa lanak norbere ahotsean egin nahi ziren, baina zurea ez zenuen zuk egin. Hain nabarmena al da zure euskaldun azentua?

Hala izango da, nonbait! Lehenago ikasi nuen antzezten gazteleraz hitz egiten baino, eta hori orain nabaritzen dut. Landu behar dudan zerbait da, eta,gainera, nire lanbidean ahoskera oso beharrezkoa da.

Askotan sentitu al duzu beste norbaiten ordezko zoazela? Antzerkian ordezka ezina denik bai al dago?

Ez dut halakorik sentitu. Ez dago ordezkaezina den pertsonarik, ez antzerkian eta ez beste inon, guztiok dugu zerbait ezberdina eta berria gainontzekoei erakusteko.

Noren ondoan azalduko zara Gabon zahar egunean Euskal Telebistan?

Wazemank-ekoen saioan izango naiz; Ainere Tolosarekin batera aurkezle lanetan; takoien gainean tente egoten nahikoa lan izango dugu biok ere!

Sekula ezezkorik eman al diozu lan eskaintzaren bati?

Noizbait bai. Askotan aukeratu egin behar da, egunak hogeita lau ordu dituelako, eta denerako denborarik ez dagoelako; edota proiektuak ez zaituelako konbentzitzen. Batzuetan ederki damutu naiz, eta beste batzuetan, berriz, ez; horixe da bizitza, hautaketa etengabea!

Nori opa diozu urte berri ona?

Merezi duenari! Eta are gehiago urte zahar txarra izan duenari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.