Komunikazioa. Ekografiak

Hauteskunde egun batek

Aritz Galarraga.
2011ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Ale, listo, pasa dira hauteskundeak, bukatu da demokraziaren festa. Eta gertatu da gertatu beharrekoa. Bagenekien, eta akaso horregatik ez du hainbesteko minik eman. PPren gehiengo absolutua erabat da absolutua. Eta Amaiurren agerpena oso kontuan hartzekoa, 2013a buruan. Atzo irakurriko zenituzten analisi politiko guztiak eta gehiago, hau ez da horretarako tartea ere. Hauteskunde egun batek, ordea, ematen du telebistaren gaineko zutabe bat baino gehiago betetzeko.

Asko gustatzen zaizkit haustekunde egunetako eguerdietan ematen diren informatiboak. Parte hartze daturen bat gorabehera, ez dago notiziarik, areago orain hauteskundeak normal-normal gauzatzen diren honetan. Baina infomatibo horietan egoten da tarte bat, umorezkoa edo, direnik eta berririk tontoenak biltzen dituena. ETB1ekoan agertzen ziren mojatxo batzuk botoa ematen, Toledoko bozkaleku batean zorionak zuri nola kantatzen zioten haur bati, gasteiztar batek boto-orriaren lekuan bi txorizo zati sartu zituela. Hunkigarriak guztiak ere. Eta hunkigarriena: eguneko protagonista nagusiak Rubalcaba eta Raxoi zirela.

A, baina eskerrak iritsi ziren arratsaldeko zortziak, lehen datuak publiko egiteko ordua. ETB2n, nostalgia puntu batez, 2008ko emaitzak eman zituzten zunda gisa. Datu ofizialetarainoko tartea gero, luzea, bizpahiru ordukoa. Eskerrak ETB1en Xabier Usabiaga genuen. Kirol kazetaritzatik etorria, Tourreko etapa baten antza zuen hark, emoziorik apenas, narratzaileak jartzen zion pasioa kenduta. Esaterako, Gipuzkoa edo Nafarroan eserleku bana dantzan ibili zirenean. Ez da ahantzi behar Labrit pilotalekuan jokatzen zela gaueko partidaren zati bat.

Gau bitxia izan zen. Iruditu zitzaidan ETB2n PPko ordezkari batek Euskal Herriko indar nagusia zirela esan zuela. Barcinak ere berdina pentsatuko du? 22:48 aldean lehen balorazioa egitera atera ziren EAJko Iñigo Urkullu eta Patxi Lopez lehendakaria, batera. ETB1eko errealizazioak ez zekien nor jarri, bi leihoak irekita izan zituzten, ez zitzaien ezer ulertzen. Urkullu jartzea erabaki zuten, Lehendakaria kenduta. Mariano Raxoi Genovako balkoira agertzean bidali zuten Urkullu, noski.

Eta hemendik aurrera zer? Aurrekariak ez dira esperantzagarriak, galego batek Espainia gobernatu zuen azken aldiari kasu egiten badiogu behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.