Komunikazioa. Irlen sarea

Hauteskundeak eta Internet

gorka julio
2011ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Badatoz hauteskundeak, eta, horrekin batera, alderdi politiko gehienen makineria martxan da, baita Interneten ere. Hala ere, alderdiek ez dute beharbada Internetek eskaintzen diena ulertu, eta aurreko joerak zuzenean esparru horretara ekarri dituzte. Propaganda aparatuak digitalizatu, eta 2.0 gisa mozorrotzea izaten ari da gehienen erabakia.

Gehienek informazio kanal berriak ireki dituzte erabilera handieneko sare sozialetan, baina askok noranzko bakarrean erabiltzen dituzte. Horren adibide dira, PPko hiriburuetako alkatetza hautagaiek irekitakoak.

Beste batzuek gaizki erabiltzen dituzte. Andoainen, adibidez, Andoniren lagunak profila sortu zuten Facebook-en http://eu-es.facebook.com/andoniren.lagunak. Jende asko, pertsonaz nahastuta, lagun gisara gehitu, eta ondoren EAJko hautagaiak sortutako marketin kanpainaren barneko mezuak jasotzen hasi ziren. Jende askoren haserrea piztu zuen horrek.

PSE-EEk Google-ren Adsense publizitatea erabiltzea erabaki du. Bisitatzen ari zaren webguneko informazioarekin harremanik badu bakarrik erakusten den publizitatea. Baina badirudi ez dutela guztiz findu. Greba orokorraren egunean, harekin zerikusia zuten bideoetan erakusten zuten http://greba.euskalherrian.info/?p=192. Ez da adibide bakarra, gainera, Spotifyn ere, abestien artean Miguel Buenen aldeko mezuak entzun izan dira.

Ezker abertzalearen ingurunean sortu berri den Sortu alderdi berriak, aldiz, ez du webgune ofizialik oraingoz. Beharbada, legezko izatera itxaroten ari dira, baina behintzat domeinuak aldez aurretik izatea garrantzitsua da. Interesgarraigoa da sektore horiek eta zabalagoek http://herriprograma2011.net aurrera ateratzen ari diren ekimena. Internetek eskaintzen dituen tresnen eta kaleko eztabaiden bidez programa politiko bat definitzeak, behintzat, herritarren iritzia jaso eta erabaki politikoak baldintzatzeko balio dezakeelako.

Internetek, propagandarako tresna izateko ez, parte-hartze herritarra bideratzeko balio behar du. Bestela, klase politikoak gero eta kritika eta atxikimendu falta handiagoa izango du. Nolesvotes.com ekimenak jendea biltzeari ekin dio, Sinde legearen alde bozkatu zuten CIU, PSOE eta PP ez bozkatzeko. Internetek parte-hartzea sustatzeko balio ez badu, jendearen haserrea bideratzeko tresna behintzat izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.