Nafarroan hazitarako patata ekoizten duen enpresa bakarrak 60 urte bete berri ditu. Garai hoberenetan, 70eko hamarkadan, 500 nekazari bazkide izan zituen, eta urtean 19.500 tona patata ekoizten zituen. Egun, 51 nekazari ditu, eta 800.000 kilo patata ekoizten ditu urtero.
Nafarroako Mendebaldeko Pirinioetako Erakundea (Opposa) 1951ko uztailaren 2an sortu zen, kooperatiba gisara. Bazkideak Nafarroako Gobernua, Nafarroako Kutxa, eta Aezkoa eta Zaraitzu ibarretako nekazari talde bat izan ziren. Denborarekin, produkzioa Zaraitzu eta Aezkoako ibarretatik Erroko Ibarrera eta Auritz eta Aurizberrira ere hedatu zen.
Hazitako patataren ekoizpena hobetzeko, Nafarroako Gobernuak egoitza bat ireki zuen Erremendia mendian, eta bertan ezarri zen patata biltzeko lehen biltegia. Egitasmoa abiatu zenean, Nafarroako nekazarien patata ekoizpenak hobetzeko oinarrizko patata bakarrik produzitzen hasi zen Opposa. Artean erabiltzen ziren patata motak ere zaharrak eta bertakoak ziren: palogan, arluzea eta araba. Baina 70eko hamarkadan hazitako patataren eskaera asko handitu zen, eta Nafarroako merkatua ez ezik, Espainiakoa ere ase behar zen. Horrek oparotasuna ekarri zion elkarteari. Garai horretan 500 nekazari bazkide izan zituen, eta 19.700 patata tona ekoiztera iritsi zen 3.300 hektareatan.
Gainbehera
80ko hamarkadan gainbehera etorri zen. 1985ean Espainia Europako Batasunean sartu, eta beste herrialde batzuetatik ekarritako patatak aurrea hartu zion Nafarroakoari. Egun, 51 nekazari daude elkartean: 43 Pirinioetako herrietan, zazpi Kodesko eskualdean eta bat Izarbeibarren. Nafarroako Gobernua eta Nafarroako Kutxa erakundearen parte dira oraindik ere, eta kooperatiba gisara mantentzen den arren, gobernuaren diru laguntza jasotzen du.
Guztira, 300 hektarea lantzen dituzte, eta beste hamar bat aldaera ereiten dira: kennebec, baraka, jaerta eta agria, nagusiki. Patata ekologikoa ekoizten ere hasi ziren 1994an. Produkzioaren %5 inguru dute ekologikoan, urtean 60.000 kilo. Orontze, Aezkoa eta Garralda herrietan dituzte hiru ekoizleak. «Eskaera txikia da, baina hazten doa. Logistika arazoak ditu eskaera txikia delako», dio Ignacio Jimenez Opposako kudeatzaileak. Pirinioetako orografia zaila dela aintzat hartuz, Noainen ere badute biltokia, baita patata gordetzeko bi hozkailu handi eta kalitatea kontrolatzeko laborategia ere.
Sektoreak aurrera egiteko I+G inbertitu behar dela uste dute. «Beste herrialde batzuek ikerketan asko inbertitzen dute, baina hemen ez da egiten. Barietate hobeak lortzen ari dira; gu atzera gelditzen ari gara. Araban zerbait egiten dute, baina diru gutxi denez, emaitzak ere txikiak dira».
Etorkizuna: ubidea
Nafarroako Ubidearen garapenarekin Erriberan kontsumorako patata ekoizteko saioak egiten hasiak dira Opposan. «Hasi besterik ez gara egin, baina horrek produkzioa igotzeko aukera emango digu», dio Jimenezek. Hazitarako produkzioa Pirinioetako herrietan egiten dute, eta hazitarako soberakina kontsumorako saltzen dute, produkzioaren %20 edo. Aldaeraren arabera izaten den arren, 65 milimetro baino gehiago dituen patata jateko saltzen dute. Orain, produkzio hori handitu egin nahi dute. Europako Batasunean sartzeak sektorearen gainbehera ekarri zuen, baina azken lau urteotan %5 hazten ari da produkzioa. Beraz, itxaropentsu dira kooperatiban.
Egunotan, Noaingo egoitzan, 25 kiloko zakutan gordetako hazitarako patata saltzen ari dira; nekazariak, berriz, heldu den urteko patata uztarako lurra prestatzen ari dira. Horien artean, Javier Matias Zelai jaurrietarra. 24 urte daramatza hazitarako patata ekoizten Jaurrietan dituen sei hektareatan. Urtero, hektareako 20-22 tona ekoizten du. Aldaera goiztiarrak (jaerla, monalisa) zein berantiarrak ereiten ditu (zelaik, kennebec). «Patata maiatzaren bigarren hamabostaldian ereiten dut, eta irailaren azken astean eta urriaren lehen hamabostaldian ateratzen dut».
Haragitarako ardiekin osatzen du soldata. Lanik gehien patataren bilketak ematen du, eguraldiak lagundu behar duelako. Aurtengo uzta ona izanen dela uste du, euri nahikoa egin duelako patata ongi hazteko.
Etorkizunari begira ez da Opposako kudeatzailea bezain itxaropentsua. «Hemen patatatik bizi zen jendea, baina egun abeltzaintzaz bizi gara. Patata oso jende gutxik ekoizten dugu. Herrian lau gelditzen gara. Gainera, uzten duenak ez du ondorengorik aurkitzen lurrekin jarraitzeko».
Hazitarako patataren gainbehera
Nafarroan hazitarako patata ekoizten duen enpresa bakarrak 60 urte bete ditu. Urtero 800.000 kilo patata inguru ekoizten ditu Opposak, Nafarroako Mendebaldeko Pirinioetako Erakundeak, eta 51 nekazari biltzen ditu. Garai hobeak ezagutu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu