Cosima Dannoritzer. Dokumentalgilea

«Hazten jarraitzeko, laster, dena egunero bota beharko dugu, dena berriz erosteko»

Bonbillen iraupena gutxitzeko industriak hasitako konspirazioa gure ekonomiaren funts bihurtu dela azalduko du zuzendari alemaniarrak Donostian, dokumental batekin eta solasaldian.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2011ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Cosima Dannoritzer zinemagileak (Dortmund, Alemania, 1965)zaharkitze programatua ikertu du The Light Bulb Conspiracy (Comprar, tirar, comprar) dokumentalean. Kontsumitzailearen Egunaren harira, lan hori emango dute gaur, 19:00etan, Kristina Eneko Ingurumen Baliabideen Etxean (Donostia), eta Dannoritzerrekin hitz egin ahalko da.

Industriak gauzak berehala zahartzeko apropos diseinatzen dituela... Konspirazio teoria ikertzen hasi zinen, eta egia dela ondorioztatu duzu?

Bonbillak kasu tipikoa dira: nahi izanez gero, ez dakit betirako baina bai askoz gehiago iraun zezaketeela frogatuta dago. Agiriak topatu ditugu, erakusteko ekoizleek aztertu egin zutela nola egin askoz gutxiago iraun zezaten, eta nola egin zieten sabotajea, gauzak ondo egin nahi zituzten enpresei.

1930eko hamarkadan konspirazioa izan zena orain jokabide ofiziala da, ekoizpenaren eremu ia guztietan.

Bai. Zaharkitze programatuak forma asko hartu ditu: inprimagailuek txip bat dute, hainbat orri inprimatzen dituztenean, huts egin dezaten. Baina, badago zaharkitze psikologikoa ere, modaren bidez. Jantzi edo telefonoren bat bota egin behar dugula sentitzen dugu, ez delako azken modakoa. Esaterako, ordenagailuaren pantaila laua behar dugula sentiarazten digute, eta ondo zebilen bestea bota egiten dugu. Informatikan askotan erabiltzen dute bateraezintasuna: duzun softwareak ez du balio gailu berrirako, edo alderantziz. Orain USBrik ez duten ordenagailuak egin behar dituzte, eta gailu askok soilikUSBrekin erabil ditzakezu.

Baina pantaila lauarekin begiak ez dira horrenbeste nekatzen. Ez al da zaharkitze hori batzuetan gauza gero eta hobeak izateko ordaindu behar dugun prezioa?

Inork ez du aurrerapena gelditu nahi, baina ezin al dira gauzak beste modu batera diseinatu, zer edo zer berritu behar denean gailu osoa bota behar ez izateko, edo behintzat piezak birziklatzeko? Zaharkitze programatuak ekonomia bizkortzen du, eta lanpostuak sortzen ditu, baina planetaren baliabideak xahutzen ari gara, eta zabor asko ekoizten, eta ezin dugu horrela jarraitu betirako. Kontuak ez dira ateratzen. Hazkuntzan oinarrituriko ekonomian hazten jarraitzeko, laster dena egunero bota beharko dugu zaborretara eta berriz erosi.

Europako telebista askotan eman dute zure lana, eta Interneten ere ikusgai dago. Zer-nolako erreakzioak sortu ditu ?

Igartzen da jendea beste bizimodu baten bila dabilela, kontsumismoarekin zoriontsua ez delako. Krisia une ona da horretarako. Jendeak sare sozialak erabiltzen ditu produktuen inguruko informazioa trukatzeko, edo tokiko produktuak kontsumitzeko taldeak osatzeko. Diseinatzaileek beste modu batera egin zezaketen lana, irautea eta birziklatzea errazteko. Bide politikoan, bizimodua apaltzeko mugimendua dago, Serge Latouchek dokumentalean azaltzen duena. Gauzetan gutxiago gastatzea proposatzen du, eta giza-harremanetan gehiago inbertitzea, esaterako, lagunekin afaltzen. Alderdi politikoa ere badute Frantzian.

Huts egiteko txipa duten inprimagailuen egileek idatzi al dizute?

Inork ez dit haserre idatzi. Badira, dena den, gauzak eskastu beharrean hobetzen saiatzen ari diren enpresak. Beste askok argi dute: sistemak funtzionatzen badie, zertarako aldatu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.