Prentsa idatzian hasi zen Eva Dominguez (Bartzelona, 1970). 1999. urtean, ordea, kazetaritza digitalean murgildu zen. La Vanguardia Digital-eko erredaktore buru multimedia eta Planeta de Agostini Onlineko proiektu digitalen koordinatzailea izan da. Egun Oberta Unibertsitateko irakasle lanak betetzen ditu, hainbat hedabidetan kolaboratzeaz gain.
Zer azaldu duzu Leioan ziberkazetaritzari buruzko jardunaldietan?
Azkenaldian 360 gradutako argazki eta irudiek kazetaritzan dituzten aplikazioen berri eman dut. Gero eta gehiago ari dira erabiltzen halakoak, teknologia merkatu egin delako.
Nolako kasutan ari dira erabiltzen?
Esate baterako, Kataluniako Estatutuaren gaineko sententziaren aurka Bartzelonan egin zen manifestazioaren argazkiak 360 gradutan erabili zituzten hainbat hedabidek.
Zu prentsa idatzian ibilia zara. Zergatik iritsi da krisi hori?
Hamaika faktore hartu behar dira kontuan. Informazio krisirik ez dago, jendeak gero eta informatuago egon nahi duelako. Aldatu dena da kazetaritza enpresa handien bideragarritasuna. Askotan enpresa erraldoietaz ari gara, egitura handi eta mantsoekin. Ez dute arriskurik hartzen, eta asko kostatzen zaie aldaketak egitea. Bestetik, publizitatearen jaitsiera kontuan hartzekoa da.
Egunkari batzuk saiatu dira Interneten kobraketak egiten, baina gehienetan apustua ez zaie ondo atera. Nola ikusten duzu apustu hori?
Interneteko erabiltzaileen artean doakotasunaren ohitura oso zabaldua dago, eta zaila da jendeak zerbaitengatik ordaintzea. Badirudi alor horretan salbuespen bat izan daitekeela iPaderako aplikazioena. Erabiltzaileak prest daude prezio txiki bat ordaintzeko, trukean kalitatezko zerbitzua jasoz gero. Oraingoz, aplikazio horiek oso merkeak dira, gainera.
Sare sozialak nola erabil daitezke hedabideetan?
Sare sozialetan dago audientzia, eta hor dago gakoa. Orain arte komunikabideek euren informazioa eskaini diote audientziari, hartzaileak kontuan hartu gabe. Sare sozialekin joera aldatzen ari da pixkanaka. Hor hartzaileek parte hartzen dute; lehen pasiboak ziren, baina orain aktiboak dira. Horrenbestez, hedabideak hartzaileen parte-hartzea kontuan izaten hasiko dira sare sozialei esker.
Duela gutxi, Herbeereetako telebista publikoaren webgunea itxi du gobernuak, egunkariei konpetentzia egiten zielakoan. Zure ustez, inguruko telebista publikoek gauza bera egin beharko lukete?
Nahiko zaila iruditzen zait kontu hori. Hedabide publikoek edukiak eskaintzen dituzte irratirako, telebistarako eta Interneterako ere bai. Kontua da Interneten zer eskaintzen duten, baina haiek informazioa ez ematea zaila iruditzen zait.
Hizkuntza gutxituek zer abantaila eta zer desabantaila dituzte egungo testinguru digitalean?
Abantaila dena desabantaila da aldi berean. Mundu global baterako eskaintzen dira edukiak Internet bidez. Hori abantaila da, esate baterako, Senegalen bizi diren euskaldun batzuek euskaraz eduki batzuk jaso ditzazketelako. Eta, bestetik, mundu global horretan hiztun gehien duten hizkuntzak jaun eta jabe dira.
Hilaren 28an Ara katalanezko egunkaria kioskoetara iritsiko da. Badago merkatua Katalunian argitaralpen gehiagorentzat?
Gaur egun gauzak dauden bezala arriskuz betetako apustua da egunkari bat sortzea. Baina proiektu horrek itxaropena sortu du hainbat jenderen artean, eta irakurleak lor ditzakeela pentsatzen dut.
Milaka ikasle pasatzen dira kazetaritza fakultatetik. Ba al dago etorkizunik ikasle horientzat?
Bai, badago. Baina kontuan izan behar dute hedabide tradizionaletik harago, lan egin daitekeela Interneterako ari diren gune edo ekoizpen etxe alternatiboetan.
«Hedabide tradizionalen enpresek egitura handi eta mantsoegiak dituzte»
EHUko Leioako fakultatean egin diren ziberkazetaritzari buruzko jardunaldietan parte hartu du Dominguezek. Egunkarien iPaderako aplikazioek etorkizuna izan dezaketela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu