Komunikazioa. Joan Manuel Tresserras. Generalitateko sailburu ohia

«Hedabideek ez dute herriaren independentzia nahia eragin»

Kataluniako independentzia prozesuan hedabideen ekarpena da «kultura konplexurik gabe» erakustea, Tresserrasen ustetan

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
2014ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Bilbon ibili da egunotan Joan Manuel Tresserras (Rubi, Katalunia, 1955). Esquerra Republicana alderdiko kidea da, eta Kataluniako Generalitateko Kultura eta Komunikazio sailburu izan zen hirutariko gobernuaren garaian. Komunikazio Eremuak IV. Biltzarrean parte hartu du, Kultura, Komunikazioa eta Hizkuntza Gutxituak mahai inguruan.

Mirestekoa da Kataluniako hedabideetan katalanak duen presentzia.

Geroz eta presentzia handiagoa du hizkuntzak, nahiz eta oraindik asko dago egiteko. Azken urteetan lortutakoa mugarria izan da: Kataluniako prentsa idatzi guztia —Madrilgo prentsaren argitalpenak izan ezik— katalanez soilik edo bi hizkuntzetan argitaratzen dira.

Zer eragin izan du horrek hizkuntzaren garapenean?

Geroz eta kiosko gutxiago daudenean etorri da hau, baina katalana Europako beste hizkuntzen pare dago. Halere, argi dago etorkizunean edozein dela ere egoera politikoa garrantzitsua izango dela gazteleraren presentzia.

Parekotasun hori lortze aldera zein oztopo daude?

Horren globala den mundu batean, tamaina erdiko hizkuntzek berezko zailtasunak dituzte: esparru juridiko egoki baten eta inbertsioen beharra dute.

Espainiak hizkuntza gutxituekiko izan ohi duen jarrerak ez du lagunduko; Valentzian Catalunya Radio itxi dute berriki.

Politika erasokor horiek gertatzean, jendearen erreakzioa kontrakoa da: bere usteei eutsi, eta jarrera militantearekin irmo jarraitzen dute. Normala da Katalunian beste herrialdetan baino katalanezko ekoizpen gehiago izatea, masa kritikoa handiagoa baita. Hedabide horiek hizkuntza hitz egiten den lurralde guztira zabaltzea arrazoizkoa ere bada, Madrilgo hedabideak gaztelera hitz egiten den lurralde osora hedatzen diren bezala. Baina, gainera, Valentzian euren komunikabide propioak suntsitu dituzte. Ikaragarria da: ez dute euren hizkuntza propioa eta bereizgarriarentzako proiekturik. Estatu nazio uniforme bat da haien proiektua: administrazio bat, merkatu bat, nazio bat, hizkuntza bat, kultura bat... bat eta bakarra.

Zeintzuk dira katalanezko hedabideen erronkak?

Hizkuntza horretan aritzeko aukera eskaini behar diogu pertsona orori, edozein tokitan eta edozein egoeratan. Oso zaila da hau, eta jende askok ez du katalana ikasi ez duelako horretarako aukerarik izan. Katalanez hitz egitea eskubidea izan behar du, ez betebehar bat.

Hedabide publiko guztietan murrizketak egin dira. TV3ren hizkuntza zabaltzeko funtzioan nola eragin dezake horrek?

Hedabide publikoek egoera zailak dituzte. Nire ustetan, baldintzak aldatu egingo dira. Katalunian, ikus-entzunezkoak funtsezkoak dira; batez ere, Kataluniako burgesiak inoiz ez duelako nazio proiekturik izan.

Euskal Herrian oso gertutik erreparatzen zaio Kataluniako egoera politikoari. Zein rol jokatzen dute hedabideek independentzia prozesuan?

Katalunian gehien ikusten diren telebista kateak Espainiako kate handiak dira. Irratietan ez da hori gertatzen, eta prentsan, dirudienez, egoera aldatzen ari da. TV3 da lehiakide bakarra. Kataluniako hedabideak, oro har, ez dira independentziaren aldekoak. Herriaren independentzia nahia ez dute hedabideek eragin. Haatik, telebista publikoak lan handia egin du: kultur ondarea normaltasunez erakutsi du, den bezala, eta munduan gertatzen denaren berri gure hizkuntzan eman du. Normaltze seinaleak dira, eta herritarrei konplexuak kentzen dizkiete. Mundu global eta plural batean bizi gara. Garrantzitsua da herritarrek munduko kultura ororen berri edukitzea, baina norberak bere kultura konplexurik gabe bizi behar du. Hedabideen funtzio hori izan da gure ikuspegia konplexurik gabe erakustea. Gainerakoa jendeak egin du.

Kataluniak independentzia lortuko balu, nola hobetuko litzateke katalanaren egoera?

Ez dut uste oraingo egoerarekin alderatuz oso desberdina izango litzatekeenik. Ez dut uste inork katalanaren inguruko lege bat proposatuko zuenik hizkuntzari pribilegioak emateko. Gizarte plural eta eleaniztunak gara. Katalanak aurrera egin behar badu, onuragarriagoa da gizartearen babesarengatik egitea, eta ez estatuak ezarritako arauen betebeharrengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.