Udaletxe atzealdeko sarreratik kai aldera pasatu bezain prontousain aparta aditzen zen atzo goizean. Oliba olioa baratxuriarekin, tipularekin eta piperrekin zegoen zartaginetan. Aste Nagusian laugarren urtez antolatutako Marmitako Lehiaketa martxan zen. Parte hartzaileak, 21 bikote, denak prestu eta alai, jo eta su ari ziren epaimahaiko kideak handik gutxira dastatu behar zituzten kazolak prestatzen. «Ez dago sekretu handirik», zioen Josuk; Altzako Elkartea ordezkatzen ari zen. «Hegaluzea, patata, oliba olioa, ura eta sua jartzen dituzte antolatzaileek; gainontzeko osagaiak guk jartzen ditugu». Adibidez? «Piper txorizeroa, baina ez dakit hori sekretua den edo ez». Irabazteko esperantza gutxirekin zegoen. «Berdin zaigu; gero kazolak hartu, eta Parte Zaharreko elkarte batera goaz, sabela betetzera».
Alboan, asmo handiagoarekin zebilen bikote bat. Javi eta Jon, Telesforo Txapeldun taldeko kideak, beteranoak dira lehiaketan, eta podiumean sartzeko garaia zutelakoan zeuden. «Laugarren geratu gara bi aldiz, eta badugu garaia». Zergatik Telesforo Txapeldun? Erantzun azkarra Jonena: «Telesforo izena atsegin dugu, eta txapeldun, irabaztera goazelako».
Argazki ikusgarria eskaintzen zuten bikoteek hain donostiarrak diren toldo zuri-urdinen azpian. Atzealdean, Kontxako badia, eta aurrealdean, kaia, txipiroitara joateko ontzi txikiz beterik. Hamelingo txirulak saguak erakartzen zituen bezala, marmitakoaren usainak lehiaketa gertutik ikusi —eta ahal izanez gero dastatu— nahi zuen jende mordoa bildu zuen. Bisitari adindu bati azaldu behar izan zioten bukatu arte ez zituztela banatuko pintxoak.
«Ez gara etorri irabaztera»
Beteranoak batzuk eta hasiberriak besteak. Amaia eta Jone taldekoak —alegia, Amaia eta Jone— kontent ziren tipula xehatzen eta fumeta egosten. «Aurten, azkenean, lekua lortu dugu. Bakarrik hogei onartzen dituzte, eta izena ematen duten lehenengoek lortzen dute lekua bakarrik», zioen Amaiak. «Ez gara etorri irabaztera, gozatzera baizik».
Kaiko beste aldean, erretiroa hartutako arrantzale pare bat zegoen kofradiaren kantoian. «Lehorrean bai… Itsasoan marmitakoa prestatzen ikusi beharko genituzke», bota zuen batek. Aurten ez zuten askorik prestatuko arrantzontzietan, negargarri joan baita arrantzaldia.
Bien bitartean, epaimahaiko kideek kazolen tapak kendu eta lurrinak sudurreratzen zituzten, aditu aurpegia jarrita. Ez zuten itxurarik egin behar: Martin Berasategi, Juan Mari Arzak, Pedro Subijana, David de Jorge eta Jose Juan Castillo han ziren, kazola bat eta beste dastatzen, koloreari erreparatzen, hegaluzearen hezetasun ukituari… Azken egunetako lapurretak direla eta, Berasategi kontsolatzen ari ziren SER kateko esatariak sukalde postuen alboan jarritako irrati platoan. «Berdin dio, berdin dio», zioen sukaldariak; «marmitakoak du garrantzia gaur».
11:00etan hasi eta 13:00ak baino lehenago prest egon behar zuten kazolek. Beroa kazoletan eta beroa kanpoan. Ordurako 35 gradu inguru baziren, itsasoaren brisa izanagatik. Bikote bakoitzak hamabi lagunentzako marmitakoa aurkeztu behar zuen. Irabazleek (Cristina Ibañez eta Jagoba Egizabal) 600 euroko saria eraman zuten, eta sukaldari onenen txapela. Bigarrenentzat (Ruben Urra eta Jose Leon) 400 euro eta hirugarrenentzat (Juan Miguel Bermudez eta Juan Mari Rodriguez) 250 euro izan ziren, oroigarriez gain.
Tradizioa lortzen ari da
Bakarrik lau urtez antolatu dute marmitako lehiaketa Aste Nagusian. Baina, haren arrakasta ikusita, ematen du urte askoan izango dela egitarauan. Iaz izan zen estreinakoz kaian —aurrekoetan Trinitate plazan izan da—, eta begi bistakoa da hura leku egokia dela. Badiaren inguruan gastronomiarekin lotutako ekitaldi guztiak dira jendetsuak Donostian. Patata tortillenek ere jarraitzaile ugari dituztela ikusi da aurten, dela Perla inguruan egiten den lehiaketa ofiziala, dela La Flamenkan piratek aurten antolatu dutena.
Usain goxora biltzen zirenak irabazle, edonola ere. Turistak ezin sinetsita zeuden. Kaian barna paseoan ibili eta bistekin gozatzea nahikoa ez, eta, gainera, marmitako pintxo bat ahoratu, dena musu truk. Ez dago turismo kanpaina hoberik.
Donostiako Aste Nagusia
Hegaluze gehiago kazolan, itsasoan baino
Marmitakoa donostiar erara prestatzen da Aste Nagusiaren azken egunean, kaiko arrantzontzien alboan, toldo zuri-urdinen azpian eta Kontxako badiaren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu