Donostiako Aste Nagusia

Hegaluzea abiapuntu

Marmitako lehiaketa egin dute Donostiako Konstituzio plazan; 22 bikotek parte hartu dute, eta Zubimusu elkarteak irabazi duSari banaketaren ostean, 500 marmitako errazio eta sagardoa banatu dituzte doan

Jende ugari bildu zen Konstituzio plazan, lehiakideek marmitakoa nola egiten zuten ikustera. GARI GARAIALDE / ARP.
Donostia
2012ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Donostiako Parte Zaharrean arrain eta barazki usaina zabaldu zen atzo goizean. Eta, usainari jarraituz, jende asko hurbildu zen Konstituzio plazara. Marmitako lehiaketa egiten ari ziren. Mantala jantzita eta eskuan aiztoa zutela, 22 bikote ari ziren mahai gainean bildutako osagaiak mimo handiz prestatzen.

Osagaiak eltzera botatzeko moduan prestatzea izan zen lehen lana: patatak zuritu, tipula txikitu... Batzuek trebezia handiagoarekin eta beste batzuek ahal bezala, gogoz hasi zuten lana. Dena prestatzeko bi ordu zituzten aurretik, ordea, eta lana arinagoa izan zedin, hamaiketakoa egiteko tartea ere egin zuten. Ogia eta txorizoa atera zuten batzuek, bokata ederra prestatzeko. Eta bokatari laguntzeko, noski, edaria: ardoa, sagardoa nahiz garagardoa ederki etorri ziren beroari aurre egiteko.

Mahaiz mahai, antzeko osagaiak ikusten ziren guztietan. Izan ere, antolatzaileek mugatu egin zuten erabil zitekeen osagai kopurua. Antolakuntzak berak jarri zituen hegaluzea, patatak, olioa eta ura. Parte hartzaileek, berriz, piperrak, baratxuria, tipula, ardo zuria eta gatza ekar zitzaketen etxetik, baina beste osagairik ez.

«Guk, normalean, porrua eta perrexila erabiltzen ditugu salda egiteko, baina, hemen ez digutenez uzten, piperrak eta tipula erabiliko ditugu ahalik eta marmitako goxoena egiteko», zioen Jokin Arzadunek, umoretsu. Lezoko Ixkulin elkartearen izenean joan ziren laguna eta biak. Badute esperientzia; lehiaketaz lehiaketa ibiltzen dira biak, marmitakoa nahiz bakailaoa prestatzen, eta atzo lehen aldiz parte hartu zuten Donostiakoan. «Barazkiak ongi egitea da sekretua, horrek ematen baitio zaporea eta gozotasuna marmitakoari».

Esperientzia gutxiago zutenak ere baziren tartean. Victoria Martin eta Adela Vicente gazteek, esaterako, lehen aldiz parte hartu zuten gastronomia lehiaketa batean. «Gure amonei galdetu diegu marmitakoa nola egiten duten, eta errezeta batzuk ere irakurri ditugu», azaldu zuen Martinek, patatak zuritzen ari zen bitartean. «Pazientzia izatea da gakoa, hori esan digute amonek». Dena den, esperientziarekin edo gabe,ongi pasatzera joan ziren atzo bikote gehienak.

Goizeko hamaiketatik aurrera, osagaiak lapikora botatzen hasi ziren lehiakideak gutxika, eta barazki usaina plaza osoan zabaldu zen. Eta usaina zabaltzen zihoan heinean, noski, jendea ere bertaratzen hasi zen. Lehiakideen ezagunak ziren asko, lagunei argazkiak ateratzen nahiz aholkuak ematen.

Saria irabazteko prest

Konstituzio plazako oholtza gainean zeuden irabazleei banatu beharreko sariak, lehiakideek ongi ikusteko moduan, euren lanean gogor saiatzeko edo. Izan ere, sariak ez ziren makalak. Irabazleentzat, 450 euro eta txapel bana; bigarrenarentzat, 300 euro eta oroigarria; eta hirugarrenarentzat, 200 euro eta oroigarria.

Lehiakideen artean, esperantzarik ez zen falta. «Gu lehiaketa guztietara joaten gara irabaztera», zioen Arzadunek, erdi txantxetan. Martinek eta Vicentek, berriz, ordurako pentsaturik zuten zer egin irabazitako diruarekin: «Mallorcara joango gara oporretan; hegaldiak ere begiratu ditugu dagoeneko».

Bi ordu izan zituzten lehiakideek ahalik eta marmitako goxoena prestatzeko, 12:30 arte. Hortik aurrerakoa epaimahaiaren esku zegoen. Sei sukaldari entzutetsu aritu ziren epaile lanetan: Pedro Subijana, Hilario Arbelaitz, Martin Berasategi, Haizpea Oihaneder, Elena Arzak eta Xabi Diez. Idazkari lanetan, berriz, Jose Ramon Mendizabal ibili zen, Gaztelubide elkarteko kidea. Izan ere, Gaztelubidek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen dute marmitako lehiaketa.

Ordubetez marmitako guztiak dastatu ondoren, epaimahaiak Zubimusu elkarteko Xabier Mendizabal eta Ramon Mujikari eman zien saria. Bigarrena, berriz, Irungo mendizaleak bikoteari, eta hirugarrena, Galeon tabernari. Sari banaketaren ostean, berriz, 500 marmitako errazio banatu zituzten jendearen artean, doan. Sagardoa eta garagardoa ere izan ziren, nahi zuenarentzat. Bazkaltzeko ordua izanik, jende ugari bildu zen marmitakoa jatera.

Saria irabazi ala ez, goiz ederra pasa zuten Konstituzio plazan egon ziren 22 bikoteek eta haiek ikustera joan zirenek. «Prestatu duguna guretzat da; hortaz, elkartera eraman eta kuadrilla osoaren artean jango dugu», azaldu zuen Arzadunek. Ziur asko, kuadrilla batek baino gehiagok bazkalduko zuen atzo Konstituzio plazan egindako marmitakoa. Sari bikaina hori ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.